EDITORIALA
EDITORIALA

Bihotza puskatzen duen azaleko gizatasuna

Berdin da nongoak diren. Oso antzeko bizipen eta emozioak dituzte. Beren errealitatea, bat-batean, bortizki, nola aldatu den ulertzeko ezintasuna dute, agonia bera; etxea utzi dute dagoeneko ez delako segurua eta existitzen jarraituko ote duen ere ezin jakin. Hunkidurak izoztutako aurpegiak dituzte, inoiz erabat desagertuko ez diren traumek markaturikoak, sinesgaiztasunak lausotutako begiak. Errefuxiatuak dira. Haiei ongi etorria ematea zein ederra izan daitekeen ikusten ari gara egunotan, bizitza salbatzeko ihes egiten duenari adeitasunak eta errukiak nola egin dioten diosala. Ezezagunek «ongi da, orain seguru zaude hemen, zer egin dezaket zugatik?» nola esaten dieten.

Errefuxiatu ukrainarrak dira, beste errefuxiatu guztiak bezala lagundu behar direnak. Haien kontrako gobernuen eta komunikabideen erretolikarik ez dago. Jasotzen dituzten herrialdeetako poliziek mugimenduak errazten dizkiete, informazioa eta aterpea eman. Sistema bat jarri da martxan, boluntarioen armada bat. Urteetarako erresidentzia eta lan baimenak eskaini zaizkie, debaldeko igarobideak. Bada, ba al dago ukrainarrekin bat egin duen Mendebaldeari, irakiarrak, siriarrak, afganiarrak, maliarrak, somaliarrak berdin-berdinak direla erakusteko biderik? Zazpi urte baino gehiagoz kanpamentuetan sartuta dauzkate haietako milaka eta milaka, nahi ez den zaborra bezala tratatuz, mugak parez pare itxiz, beren bizitzak betiko geratu direla sentiaraziz. Are, haur pila bat jaio dira kanpamentuetan, etxe bat zer den inoiz ezagutu gabe. Ukrainarrak etxe ondoko bizilagunak izan daitezkeela irakurri da komunikabideetan, gu bezalakoak direla, europarrak, Lehen Mundukoak, kristauak, zibilizatuak. Baina noiztik definitzen du norbaiten azalaren koloreak, hitz egiten duen hizkuntzak, praktikatzen duen fedeak edo jaio den lekuak salbatzeko moduko gizakia den edo ez? Hipokrisia hutsa da, hipokrisia hilgarria. Arrazismoa. Bihotza puskatzen du. Eta Mendebaldearen gizatasuna azalekoa dela erakutsi.