Arrosa bat Errusian
Errusian martxoaren 8ak ez du gurean duen erreibindikazio kutsua. Udaberriaren eta edertasunaren egun izendatu izan da eta gizonezkoek emakumeei arrosak oparitzeko ohitura dago. Aurten, baina, errusiar mugimendu feministak lore sorta horiek gerra-biktimen omenezko monumentuetara eramateko deia zabaldu zuen, ukrainar herriarekiko elkartasun eta ahizpatasun keinua eginez.
Izan ere, Errusian, mugimendu feminista eta LGTBI kolektiboa dira gatazkaren aurka indartsuen kokatzen ari direnak.
Marina Ovsyannikova da horren adibide. Errusiako Chanel One kateko editore lanetan zebilen kazetaria atxilotu egin dute, albistegi baten erdian gerraren kontrako afixa bat ateratzeagatik. Libre dago, baina sekula ez da libre izanen.
Hemen, emakume ukrainarrekin ez garela kezkatzen entzun behar izan dugu zenbait feministok; gurea elkartasun selektiboa omen dela. Kritika bidegabeak izateaz gainera, giza eskubideen defentsan dabilen mugimenduaren kontrako asmo txarreko komentarioak besterik ez dira.
Noski kezkatzen gaituztela emakume ukrainarrek. Orain ihes egin eta babestuko ditugunak, eta orain artean Europatik haurrak erosteko baliatu diren babesik gabeko beste horiek ere bai. Eta bien bitartean, Bidasoa harresi izan ez dadin aldarrikatzen segituko dugu feministok, emakume denek bezala, errefuxiatu denek ere balio bera izan dezaten.