EDITORIALA
EDITORIALA

Etxegabetzeen aurrean udalaren erabakiak bete

Azoraren Maizterrak plataformako presidente Iñaki Setien eta haren bikotekidea etxetik bota zituzten atzo, Donostian. Ohiko bihurtu denez, Ertzaintzaren esku-hartzearekin burutu zen etxegabetzea. Ohiko bihurtu da bildutako pertsonen aurka oldartzea ere eta, atzo bezala, Poliziak pertsona bat atxilo eramaten amaitzea bere jarduna. Etxegabetutako bikoteak ez du inolako bizitoki-alternatibarik, eta, beraz, kale gorrian geratu da.

Pentsa daitekeenaren aurka, ez dituzte etxegabetu alokairua ez ordaintzeagatik, baizik eta etxebizitzaren egungo jabeak, Azora higiezinen agentziak, kontratua berritzean errentaren prezioa %33 igotzea erabaki duelako. Igoera neurrigabea da, egungo maizterrak kanporatzea beste helbururik ez duena, horrela etxebizitzarekin espekulatu ahal izateko. Putre-funtsaren bozeramaileak ukatu egin zuen hori dela jokamolde orokorra baina, itxura guztien arabera, eredugarri izan nahi du erabakiak, gainerako maizterrak mendean hartzeko eta, unea iristean, proposatzen zaizkien igoerak onar ditzaten. Hitzak hitz, ohiko jokabide bihurtu da neurrigabeko igoerak eskatzea maizterrak kaleratzeko; besteak beste, botere publikoek ez baitute inolako araurik ezarri etxebizitza eskubidea babesteko. Alokairuak arautu gabe egonik, merkatua indartsuenaren legearen mende dago, eta putre-funtsek nahi dituzten prezio eta baldintzak ezartzen dituzte. Horrela, etxebizitza duina izateko eskubidea asmo-adierazpen huts bihurtu dute.

Larriena da erakunde publikoek ez dutela ezer egiten, ezta demokratikoki hartu dituzten erabakiak betetzeko ere. Gogoratu behar da 2015ean Donostiako Udalak Kaleratzeak Stop-en mozio bat onartu zuela osoko bilkuran, EH Bildu, Irabazi eta PSEren botoekin, Donostia “etxegabetzerik eta enkanterik gabeko hiria” izendatzeko. Bistan da mozio hartan jasotako konpromisoak ez direla betetzen ari. Hortaz, Donostiako alkateak eta bere gobernu taldeak erantzukizun zuzena dute atzo gertatutakoaren inguruan.