Asier AIESTARAN
PILOTA

Altuna-Martija, finalera

Bigarren txartela gaur erabakiko da: Elezkano-Zabaleta edo 16 tanto egin behar dituzten Laso-Imaz.

ELEZKANO II-ZABALETA 22

IRRIBARRIA-REZUSTA 16


Jokin Altuna eta Julen Martija dira 2022ko Binakako Txapelketako lehen finalistak. Horixe da Elezkanok eta Zabaletak atzo Labriten lortutako garaipenak utzi zuen ondorio aipagarriena. Aldiz, Irribarria eta Rezusta aukerarik gabe geratu ziren atzoko porrotaren ondorioz. Eta finaleko bigarren txartela gaur erabakiko da: Lasok eta Imazek 16 tanto edo gehiago egiten badituzte, finalean izango dira; bestela txartela Elezkano eta Zabaletarentzat izango da.

Emaitza jakin baten arabera jokatzen diren partidak arraroak izaten dira, eta atzokoa ere halakoa izan zen. Nahitaez irabazi beharra zeukaten Irribarria eta Rezusta lotuta ikusi genituen une askotan, eta Elezkano-Zabaleta, tarteka asko asmatzen eta tarteka zalantzekin.

Hasieran gorriak izan ziren abantaila politak lortu zituztenak. Zabaleta oso indartsu sartu zen neurketan hasieratik eta Elezkanok ongi baliatu zituen bere aukerak. 4-0 eta 6-2 aurreratu ziren markagailuan, erritmoa hartu ezinik irten zen bikote urdinaren kaltetan.

Baina apurka Irribarria eta Rezusta deman sartzen joan ziren, ohi duten legez pilota asko atzeratzen, eta partidaren itxura erabat aldatu zen. Rezustak fresko mugitu du pilota eta Irribarriak asko asmatu zuen aurreko koadroetan. Sei tanto jarraian eginda 6-8 aurreratu ziren.

Norgehiagoka betea geratu zen une horretan: parekotasuna markagailuan, jokoan eta ikuskizunean. Bi bikoteek egin zituzten tanto ederrak eta berdinketak izan ziren 13-13kora arte.

Hala ere, gorriek une erabakigarrian markagailuan tartea irekitzea lortu zuten. Elezkano izan zen jokoan gehiago sartuz min handia egin zuena eta bikotearen aukerek bizirik jarraitzen zuten azken txanpara helduta. Azkenean, Zabaletaren dejada batek itxi zuen 22-16koa.