Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Everest mendia prest dagoohiko denboraldi berrirako

Tontorra zapaltzen saiatuko diren kasik 350 mendizaleek batez beste 45.000 dolar ordaindu beharko dituzte.

Gaurko egunak, hots, udaberriko lehen egunak Himalaiako ohiko denboraldiaren ateak zabaldu ditu. Eta, ohi den bezala, Everest mendia arretagune berezia bihurtuko da. Txarrerako ala onerako, baina beti (bai, beti) albiste izaten da. Eta hasi den denboraldiak ziur aski azken hamarraldi luze honetan sortu diren irudiak ekarriko dizkigu.

Nepalgo, Txinako zein nazioarteko agentziek den-dena prest dute. Gogoratu behar da pandemia lehertu zenean, Nepalek eta Txinak ateak itxi zituztela. Iaz, berriz, Nepalek atzerritarrei baimena eman zien munduko mendi garaienean jarduteko. Alabaina, covid-19aren birusak erabat astindu zituen kanpaleku nagusira bertaratu ziren mendizaleak. 150 mendizale eta langile eta mendi-gidari nepaldar kutsatu ziren. Txinak, berriz, aurreko urtean bezala, ez zuen baimenik banatu.

Itxura guztien arabera, udaberri honetan mendizale gutxiago izango da Everesteko aldatsetan. Omicron aldaerak asko samurtu du egoera, baina gogoratu behar dugu Ukrainako inbasioak ziur asko eragina izango duela. Pekinek murrizketa zorrotzak ezarri ditu, eta, iragarpen guztien arabera, txinatar bakan batzuk baino ez dira espero. Eta, jakina, beste erraldoi bat, India, aipatu behar dugu. Adibidez, beste urte batzuetan ez bezala, herrialde horretako armadak ez du espediziorik antolatu. Beraz, txinatar, indiar eta Ekialdeko Europako bezero gutxiago ikusiko dira. Eta horrek guztiak, jakina, Nepalgo agentzien jardunetan eragin zuzena izango du.

8 Expeditions agentziak iragarri du 25 bezero soilik dituela. Nepalgo agentzia guztien artean indartsuenak, Seven Summits Treks-ek, ohiko kopurua baino %50 txikiagoa izango du. Eta Mendebaldeko agentziei dagokienez, aurreratu dute ez dutela “full” txartela zintzilikatuko; izan ere, denboraldi honetan bezero askok atzera egin dute.

Hori guztia esan eta gero, badirudi Sagarmatha (nepaleraz) edo Chomolungma (tibeteraz) igotzeko 300 eta 350 baimen artean eman dira.

Bestalde, “Kathmandu Post” egunkariak baieztatu du Nepalgo Turismo Sailak covid-19aren inguruan hainbat neurri hartu dituela. Txerto guztiak jaso dituzten mendizaleek ez dute inolako murrizketarik izango. Txertorik jaso ez dutenak edo dosi bakarra dutenak PCR negatibo bat aurkeztera derrigortuta egongo dira.

Hego isurialdetik igotzen saiatuko direnentzat, aipatu behar da ia ibilbide guztia soka finkoekin prestatzen dutela. Khumbuko glaziar erraldoian lan horretan jardungo dutenak Sagarmathako kutsadura kontrolatzen duen batzordeko kideak dira. “Ice-fall doctors” izena hartu dute; hots, langile nepaldar espezializatuak dira. Horiek bigarren kanpalekurainoko tartea ekipatuko dute. Hortik gailurrera, berriz, soka finkatuko dutenak Seven Summits Treks agentziako langileak izango dira. Iragarri dutenez, apirilaren hasieran lehen etapa biribilduta egongo da. Soka finkoa tontorrean, aldiz, maiatzaren lehen egunetan ikusteko itxaropena dute.

Oso-oso garestia

Aipatu dugun guztia espedizio komertzialak antolatzen dituzten agentzietako berriak dira. Alpinistikoki, beraz, ez da berri azpimarragarririk izango. Baina hori da gaur egun Everesteko iparraldeko zein hegoaldeko isurialdeek bizi duten egoera.

Bederen, argi eta garbi dago ia 350 mendizale horiek dirutza ordaintzen dutela tontor preziatu hori igo ahal izateko. Beti garestia izan da zortzimilako garaiena igotzea, eta egun, are garestiagoa.

Alan Arnette adituak eta Madison Mountaineering agentziako buru Garret Madisonek gai honen inguruan argibideak eman dituzte. Arnetteren arabera, duela bost urte batez beste 45.000 dolar ordaindu ziren: «Everest igotzeko salneurri estandarra 28.000 eta 45.000 dolar artekoa izan zen. Erabateko igoera pertsonalizatua kontratatu zuenak 115.000 dolar ordaindu zituen. ‘Muturreko arriskuak’ hartzen dituztenek, aldiz, 20.000 dolar saihestu ditzakete. Baina prezio horiek gaur egun erabat egin dute gora. 20.000 eta 120.000 dolar artean aurreikusi da. Batez bestekoa, berriz, 55.000 dolar da».

Kontratazio horretan ohiko gaiak sartzen dira: garraioa, janaria, dendak, mendi gidari eta langile nepaldarren laguntza, oxigeno gehigarriaren erabilera... Jakina, zenbat eta pertsonalizatuagoa izan, orduan eta garestiagoa da. Adibide bat: igoeran osoan ondoan gidari nepaldar bat izateagatik 5.000 dolar ordainduko behar dira. Zamaketari lanetan jarduten duen langilearengatik, aldiz, 3.000. Eta sukaldariarengatik, 2.000. Horrez gain, langile eta gidariei ematen zaizkien hobariak eta eskupekoak daude.

Inolako zalantzarik gabe, Everest igotzeko ordaintzen den baimena “eromen” honen guztiaren eiterik garestiena da. Bi salneurri daude. Nepaleko baimenak 11.000 dolarreko salneurria du. Horri beste 2.000 gehitu behar zaizkio baimena lortzeko bertako agentzia bat kontratatzeagatik. Tibeteko baimena 8.000 dolarrekoa da.

Amaitzeko, mendizale bakoitzak eramaten duen tresneriaz gain, oxigeno gehigarriarengatik ordaintzen dena aipatuko dugu. Gogoratu behar dugu espedizio komertzialetako bezero guztiek botila horiek erabiltzen dituztela. Ezinbesteko (derrigortutakoa?) tresneria bihurtu da. Arnettek emandako datuen arabera, mendizale bakoitzak batez beste bospasei botila erabiltzen ditu. Eta botila bakoitzarengatik 600 dolar ordaintzen dira. Baina kostu hori ez da horretara mugatzen. Kontuan hartu behar da mendizaleak oxigenorako maskara eta erreguladorea behar dituela. Eta pack hori ere ez da batere merkea: beste 600 dolar. Eta datu hauek guztiak ixteko, zehaztu behar da bezeroak gidariaren oxigeno gehigarria ordaintzen duela. Botila bakoitza, alegia. Orain arte aipatutakoa izozmendiaren hasiera baino ez da. Datu “hotzak” izan daitezke, baina argi geratzen da Everest igotzea oso garestia dela. Prestaketa fisikoa eta mentala beste kontu bat da».