Amaia U. LASAGABASTER
BIGARREN MAILA

Mirandesek bolada eten eta ilusioa epeldu du

Sanse markagailuan aurreratu zen, baina kanpokoek buelta eman zioten.

Sanseren bolada ona une txarrenean amaitu zen. Mirandes behekoen borrokan guztiz sartzeko eta talde gorritxoa bera eta beste aurkari pare bat partida bakarreko aldearekin uzteko aukera zeukan, baina garaipena kanpokoentzat izan zen eta kontuak zaildu egin dira. Malagak zazpi puntura jarraitzen du Fuenlabradan galdu ondoren, baina Mirandes bederatzira jarri da eta Sportingek zortziko aldea lortuko du irabaziz gero.

Merezitako porrota izan zela da txarrena. Sansek, behingoz, dena izan zuen bere alde. Giroa, harmaila 8.500 zale zituela; epailea, bi jokaldi erabakigarrietan asmatu zuena, eta markagailua bera, lehen gola etxekoena izan baitzen. Baina Mirandesek, kolpea jaso eta erreakzionatzeko gai izateaz gain, askoz hobeto jokatu zuen bigarren zatian eta, gainera, aukerak aprobetxatu zituen.

Partida hasieran ere dezente estutu zuten gorritxoek. Sanse kontraerasoan erantzuten saiatu zen eta gola gertu izan zuen Lobetek asmatu ez zuen bi aukera garbietan. Lehen minutuetako ika-mika bi eskurekin amaitu zen; Zubiaurrerena, Camelloren gola saihestu zuena, eta Jorge Saenzena, Karrikabururena ahalbidetu zuena. Nahi gabe egina baina zigorgarria, epaileak VARaren pantailan ikusi eta penaltia agindu zuen. Karrikak 1-0 bilakatu zuen.

Hurrengo minutuetan, abantailarekin eta Sansek partida zer nolako lasaitasunarekin gidatu zuen ikusita, inork ez zuen pentsatuko puntuak ez zirela Donostian geratuko. Baina aurrean aurkari arriskutsua zegoela eta minutu asko falta zirela gogoratu zuen Riquelmek lehen zatiaren azken txanpan. Arearen ertzetik jaurti zuen baloia gutxigatik irten zen eta azken minutuan Jonathan Gomez bikain portatu zen madrildarraren kontraerasoa mozteko.

Zoritxarrez, bigarren zatian etorriko zenaren aurrerapena zen. Aldagelatik itzuli eta bosgarren minutuan, Brugeren burukada ederrak korner batean markagailua berdindu zuen. Hortik aurrera partida Mirandesen eskuetan geratu zen. Xabi Alonsok aldaketak egin zituen neurketaren gidoia aldatzeko asmoz, baina kanpoko taldearen nagusitasuna nabarmena izan zen minutuak aurrera joan ahala eta golak atzeratzea baino ez zuten lortu txuri-urdinek; batez ere, Zubiaurreri esker. Gabilondok ezin izan zuen bere taldeak bigarren zatian izan zuen aukera garbi bakarra aprobetxatu eta hiru minutu beranduago Riquelmek gol ederra sartu zuen Mirandes aurretik jartzeko. Meseguerrek gorritxoen hirugarrena sartu zuen korner batean, ideia eta indar barik amaitu zuen aurkariaren kontra.

Ponferradina-Eibar (16.00)

Azken txanpan aurreikus daiteken irteera zailenari ekingo dio gaur Eibarrek. Ponferradina, Ipuruan irabazi duen bisitari bakarra eta play-off postuetan sendo jarraitzen duen taldea, izango du aurrean.

«Bertsio ezin hobea eskaintzen ez badugu, ezingo dugu partida irabazi», esan du Gaizka Garitanok, bere taldeak «konfiantza handiarekin eta oso sentsazio onekin» bidaiatu duela adieraziz. Zigorra bete ondoren, Arbilla eta Javi Muñoz deialdira itzuli dira eta baliteke biak hasierako hamaikakora bueltatzea. Etxeita eta Burgos, berriz, etxean geratu dira Sergio eta Franchurekin batera.

Amorebieta - Alcorcon (14.00)

Alcorconen bisitak denboraldiko azken aukera eskainiko dio Amorebietari. Azken aukera gehiago izateko azken aukera; urdinen egoera hain larria da, lor dezaketen sari bakarra bizirik jarraitzea baita, mailari eusteko aukerek oso txikiak izaten jarraituko badute ere.

Ipuruan egindako lanari segida eman nahi dio Haritz Mujikak. Gorka Guruzeta deialdira itzuli da.