Andoni ARABAOLAZA
PROTAGONISTA

Simon Messner, alpinista eta zuzendari adimentsua

32 urteko tiroldarrak, «Traditional alpinism» filmarekin, Memorial Maria Luisa lehiaketaren 32. ekitaldia irabazi du. Film horretan, 1970. urtean Nanga Parbaten izaniko osabaren istripua kontatzeaz gain, Karakorumeko herritarren inguruko hausnarketa egiten du.

Reinhold Messner alpinista historikoaren semea baino askoz ere gehiago da Simon Messner. Hedabide gehienek jartzen dioten etiketa (soilik horretaz gogoratzen dira) behin betiko kendu nahi du. Eta arrazoi osoa du. Aitaren itzal hori ezabatu eta alpinismo teknikoan eta zinema zuzendaritzan dituen gaitasun itzelak behin eta berriz aldarrikatzen ari da.

Hori ezin zaio ukatu; izan ere, egin duen lehen filmak, “Traditional alpinism” lanak, sari bat jaso berri du. Bai, ekoizpen horrekin, Asturiasen antolatzen den Memorial Maria Luisa mendiko argazki eta bideo lehiaketa irabazi du. Hain zuzen ere, azken atal horretan.

Messnerrek berak aitortu du antolatzaileek deitu ziotenean ezusteko handia hartu zuela: «Lehiaketa horren berri izan nuen, eta, nire lehen filma denez, aurkeztea erabaki nuen. Ez nuen asmo handirik, besteak beste, oraindik eskarmentu handirik ez dudalako. Baina argi nuen gai horretaz hitz egin nahi nuela. Hots, nire familiaren historia eta, era berean, alpinismo tradizionalean izaten ari naizen ibilbidea. Hori zen nire asmo xumea. Eta, gainera, lehiaketa irabazi dut!».

Ekoiztetxea familian

Aitak eta berak elkarrekin dute mendiko filmak eta dokumentalak egiteko ekoiztetxea, eta, aipatu bezala, “Traditional alpinism” da bere lehen lana. Horren inguruan azaldu du film hori duela hiru urte hasi zela forma hartzen. Espedizio txiki bat antolatu zuen Nanga Parbat mendia inguratzeko. Soilik lau laguneko taldea zen: aita, bikotekidea, kameraria eta Simon bera. Zortzimilako horrek Messner familiaren bizitza erabat irauli zuen. Protagonista honen aitak eta Gunther osabak 1970. urtean Rupal isurialdea lehen aldiz igo zuten. Baina jaitsieran osaba hil zen, elur-jausi baten ondorioz.

Memorial Maria Luisa lehiaketa irabazi duen filmak ezbehar hori du abiapuntu: «Film honetan historia hori eta 50 urte geroagoko Pakistango herritar xumeen bizitza islatu nahi izan dut. Kultura hori oso gutxi ezagutzen dugu europarrok; zaila da irudikatzea nola bizi diren. Alpinista naiz, eta uste dut alpinista guztiok mendiko herritarrei zein haien kulturari begirunea zor diegula. Pakistanen hilabete egin eta gero, nire espediziokideak etxera itzuli ziren. Eta ni bakarrik geratu nintzen beste hilabetez. Martin Sieberer kidearekin batera, Baltoron dagoen Black Tooth mendiaren (6.718 m) lehen igoera erdietsi nuen. Abentura handia izan zen niretzat, eta jarduera hori film batean kontatu nahi izan nuen. Hitz gutxitan esanda, alpinismo tradizionalari azpimarra jarri diot. Zer den azaldu nahi dut. Nire uste apalean, ez da mendian egiten den jarduera bat soilik; askoz ere gehiago da: historia, narratiba, mendiko herritarren kultura, bizimodua... Finean, horren guztiaren aurrean jarrera bat eduki behar da. Eta nik badut».

Kritikak gogoan

Aipatu bezala, dokumental horretan osabak Nanga Parbaten izaniko istripuak leku berezia hartzen du. Gogoratu behar dugu ezbehar horregatik Reinhold Messner-ek kritika latzak jaso zituela. Jaitsiera horretan anaia bakarrik utzi zuela leporatzen zitzaion. Hamarkada batzuk igaro dira, eta, neurri handi batean, kritika horiek leundu dira. Filmaren egileak berak aitortu du 1970. urteko espedizio horretan gertaturikoak ez duela azalpen gehiago behar: «Historia hori oso ezaguna da alpinismoaren munduan, eta horregatik ez dut zehaztasun gehiago eman behar. Duela hiru urteko bidaia horretan, Nanga Parbat bisitatu eta osabaren ezbeharra gogoratzeaz gain, zortzimilakoaren hego-ekialdean dagoen Ghesot mendia igo nahi genuen. Hots, eskalatu gabe zegoen mendi bat. Nire aitaren asmoa zen; izan ere, espedizio hartan mendi hori ikusi eta hura igotzera itzuliko zirela esan zuten. Baina osaba hil egin zen. Horregatik itzuli ginen».

“Traditional alpinism” izan da Messnerren lehen filma, baina aurreratu du mendiarekin lotura duten ekoizpenak egiten jarraitzeko asmo irmoa duela. Dagoeneko hainbat xede ditu buruan: «Lehenik eta behin esan behar dut alpinista naizela eta ez zinemagile profesionala. Alabaina, mendiko dokumentalek harrapatuta naukate. Hego Tirolen bizi naiz, eta bikotearekin baserritar bihurtu naiz. Inguru hau oso gustuko dut, eta uste dut historia ederrak kontatzeko aukera bikaina dudala. “Vinschgau harana” da ekimen horren izena. Bestalde, aitak eta biok erabaki dugu elkarren artean genituen proiektuak bertan behera uztea. Baina hori Manaslu mendiaren inguruan dugun asmoa bukatu eta gero egingo dugu».

Alpinista zaildua

“Traditional alpinism” filmarekin arrakasta lortu eta gero, alpinista honen inguruan zertzelada batzuk emango ditugu. Nahiz eta oraindik gaztea den, Mesnner ibilbide bikaina osatzen ari da. Alpinismo tradizionalaren aldeko apustu sendoa egin du, eta emaitza azpimarragarriak alde batetik eta bestetik iritsi zaizkio.

Bakarka edo sokakidearekin, helburu teknikoetan buru-belarri ikusi dugu beti. Bakarkako jardueretan, adibidez, gai izan da bistan WI7-/M7- mailako bide bat gainditzeko.

Soka gerrira lotzen duenean, maiz Martin Sieberer-ekin partekatzen ditu eskalada horiek. Tiroldar honekin goi mailako igoerak egin ditu; den-denak oso teknikoak, arriskutsuak eta asko eskatzen dutenak. Dolomitak, Alpeak, Indian Creek, Patagonia, Himalaia, Karakorum... makina bat alderditan izan da.

Alpinismo tradizionalaren inguruan duen ikuspegia honela azaldu du: «Ez da asmakizun berria; Alpeetan 250 urteko tradizioa du. ‘Ospe handiko’ mendietan gertatzen dena ez dut kritikatuko, baina ez dut ulertzen. Norberak egiten duen alpinismoari zentzua eman nahi diot. Nekagarria da. Erabaki handiak hartu behar dira, une jakin batzuetan beldurra duzu, biziraun egin behar duzu... Baina soka finkoak, helikopteroak eta zama-eramaileen laguntza baduzu, non dago erronka? Zergatik egin behar dugu hori?».

Messnerrek alpinismoaren historia ondo baino hobeto ezagutzen du. Alpinista historikoen pasarte esanguratsuenak irakurri ditu, eta horrek alpinismo tradizionala praktikatzera eraman du: «Ez naiz alpinista bihurtu Reinholden semea naizelako. Hots, ez nintzen sehaskan mendizale bihurtu. Nire etxean arazo bat zen. Onartu behar dut alpinisten istorio asko nire aitak kontatu dizkidala. Era berean, onartu behar dut nork bere bidea egin eta zaletasun baten aldeko apustua egin behar duela. Eskalada praktikatzen hasi nintzenean, beldur handia nuen; ez nuen neure buruarekin batere segurtasunik. Baina urteen poderioz, egoera hori kudeatzen ikasi nuen. 17 urte nituen lehen urrats horiek egiten hasi nintzenean. Orain 32 ditut, eta ohartzen naiz historiaren eta errealitatearen arteko loturak eraman nauela alpinismora. Horregatik guztiagatik da alpinismoa hain berezia. Finean, ez dago sekreturik».