GARA
IZOTZ-HOCKEYA

Txuri-Urdin, ligako txapeldun historian estreinakoz

Txuri-Urdin izotz hockey taldeak estreinakoz liga irabazi du asteburu honetan. Balentria ederra lortu dute donostiarrek, azken hamarkadetan nagusi izan den Majadahonda hartu baitute mendean –azken bederatzi urteetan zortzi liga irabazi ditu, azken bostak erreskadan–.

Donostian jokatu zen finaleko lehendabiziko partidan gipuzkoarrek 4-2 irabazi zuten. Lan erdia eginda, lana fintzea geratzen zitzaien eta bide azkarrenetik lortu dute liga garaikurra, bigarren dema irabazita hirugarrengo bat jokatzea saihestu baitute.

Ez zen oso ondo hasi lehia, etxeko taldea bederatzigarren minuturako markagailuan aurreratu baitzen. Berandu baino lehen, donostiarrek markagailua irauli zuten eta bigarren zatian aldea ere handitu zuten (1-3). Amaierarako 7 minutu falta zirela, aldeak murriztu zituzten etxekoek eta gogotik sufritu behar izan zuen Txuri-Urdinek lehen liga irabazteko. Bertaratu ziren zaleen animoek apur bat samurtu zuten azken txanpa.