A. G.
EMAKUMEEN LIGA

Araski, amorru bizian Kopako etenaldira

MOV. ESTUDIANTES 66

KUTXAB. ARASKI 65


Irabazteko merezimenduak egin zituen Kutxabank Araskik atzo Estudiantesen kantxan, atzetik aurrera egin eta azkenengo laurdenean 48-56 aurreratu eta gero. Are gehiago, nahiz eta Madrilgo taldea 61-56 aurreratu zen bi minutu baino gutxiagoren faltan, gasteiztarrak kapaz izan ziren neurketari buelta eman eta minutu erdiren faltan 63-65 aurretik jartzeko.

Tamalez, Melissa Gretter Estudianteseko antolatzaileak 65na berdindu zuen, baina hori jokoari dagokion kontu izan zen. Ez, ordea, neurketa luzapenera bideraturik zegoenean, Tanaya Atkinsoni adierazi zioten falta.

Gretter berak bota zuen eskua Atkinsonen besora, eta epaileek estatubatuarraren falta adierazi zuten, talde gasteiztarraren haserre eta harridurarako. Estudianteseko izar nagusiena Arica Carter izan zen, 23 puntu saskiratuta, baina partidako heroia Gretter izan zen, aurreneko jaurtiketa librea sartu eta bigarrena apropos kale eginda.

Aurkari zuzena

Endesa Ligako sailkapenari begira, kolpe latza jaso zuen Kutxabank Araskik. Estudiantesek hamabigarren garaipena eta puntu aldea bereganatu zituen Araskirekiko, eta arabarrak, berriz, hamar garaipenekin geratu dira. Kopako etenaldira amurru bizian helduko dira gasteiztarrak atzo gertatutakoa ikusuita.

Estudiantesek zazpi jokalari eskas erabili zituen, baina bikain jokatu zuen, batez ere Ortiz, Carter eta Llorenteri esker. Alabaina, gasteiztarrek Gracia Alonsoren –Estudiantesen ibilitakoa– lanak gidatuta atzetik aurrera egiteko gai izan ziren. Epaileak, aldiz, erabakigarri izan ziren, Araskiren zorigaitzerako.