Asier AIESTARAN
PILOTA

Argi gelditu da beharra nork zuen

Laso eta Ander Imaz izango dira Altuna-Martijaren aurkariak finalean. Batzuen eta besteen egoerak baldintzatu du azken partida.

ALTUNA III-MARTIJA 6

LASO-IMAZ 22


Unai Laso eta Ander Imaz izango dira Jokin Altuna eta Julen Martijaren aurkariak apirilaren 3an Bilbon jokatuko den Binakako Txapelketaren final handian. Baikoko bikoteak 16 tanto egin behar zituen atzo Eibarren finalera sailkatzeko, eta aise lortu zuen lehen helburu hori bere mailatik oso urrun aritu zen Aspeko bikotearen aurka. Azkenean, garaipena ere eurentzat izan zen festa borobiltzeko.

Beti horrela izaten ez den arren, atzo asko nabaritu zen Altuna eta Martija jada finalerako sailkatuta zeudela. Tentsiorik gabe irten ziren kantxara, normalean galtzen ez dituzten pilotak galduz. Laso eta Imaz, aldiz, dena ematera irten ziren hasieratik, partidan oso sartuta, eta diferentzia hori berehala nabaritu zen markagailuan.

Urdinak 0-2 aurreratu ziren hasieran sakez egindako bi tantori esker, aurrenekoa oso ona, baina bigarrena eramatekoa zen eta Martijak gora bidali zuen errestoa. Hurrengo partzialean 1-5era joan ziren Baikokoak: tartean Lasok zein Imazek atzean egindako tantoak egon ziren, baina baita Altunak goiko koltxoira bidalitako pilota bat ere. Hirugarrengo takadan 2-10era ireki zuten zuloa urdinek, Unai Lasoren erremate ederrekin.

Konturatzerako, Lasok eta Imazek oso bideratuta zuten 16 tanto egiteko helburua, eta badaezpada serio-serio jarraitu zuten finalerako txartela eskuan izan arte. Atsedenaldiak ez zuen ezer aldatu eta jokoak berdin jarraitu zuen, urdinek 5-16koa lortu zuten arte. Unai Lasok errebotean sartutako pilotakada batekin heldu ziren urdinak mugarrira eta, aurrelari nafarrak zirkinik ere egin ez zuen arren, Ander Imazek besoak jasota ospatu zuen sailkapena.

Ikusteko zegoen urdinek helburua lortu izanak nolabait aldatzen zuen partida edo ez, eta ez zuen batere aldatu. Imazek oso fin jarraitu zuen atzean, batez ere defentsan sekulako lana eginez, eta aurrean Unai Lasok kolore guztietako erremateak egin zituen. Guztira 13 tanto izan zituen jokoan eginak eta beste bi sakez.

«Niretzako gauza handia da. Lan asko egin dut hona iritsi ahal izateko eta lan horren saritzat hartzen dut. Unai eta biok pozik geunden egindako txapelketarekin, oso lan ona egin dugula uste dut, baina noski, behin hona iritsita final hori irabazten saiatu behar dugu. Berezia izango da egun hori bizitzea eta gozatzeko unea da orain», adierazi zuen harmailetan sekulako bultzada izan zuen Ander Imazek.