Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Altitoy gogo handiz itzuli da etenaldiaren ondoren

Emakumezkoen proban Nahia Quincoces eta Igone Campos euskaldunak nagusitu dira.

Azken urteotan, Luz-Saint-Sauverteko Altitoy eta Donostiako Club Vasco de Camping elkarteek antolatutako Altitoy-Ternua mendiko eskiko lasterketak ez du zorterik izan. Klimaren edo pandemiaren eraginez, proba bertan behera uztera behartuta izan dira. Alabaina, joan den asteburuan, laino “beltz” hori gainetik kendu eta hitzordua inolako eragozpenik gabe egin zen.

Hamabigarren ekitaldia izan du taldeka eta bi egunez jokatzen den lehiaketak. Gainera, Grande Course zirkuituaren probetako bat ere bada. Hori dela-eta, eliteko talde batzuk ere bertaratu ziren; asko ez, baina batzuk azaldu ziren. Era berean, probak eskiatzaile apalagoei ere aukera ematen die prestatutako ibilbide batean (B ibilbidean) parte hartzeko.

Larunbatean izan zuten lehen etapa. Eskiatzaileek Baregesko eski-estazioan zuten irteera puntua; 2.517 metroko desnibel positiboari eta 24 kilometroko ibilbideari (A ibilbidea) egin behar izan zioten aurre. Ibilbide azkarra zen, elur gogorrean egin beharrekoa.

Martin Stofner-Filippo Becacri italiarrak nagusitu ziren 2:42:44ko denborarekin. Haien atzetik Bastien Lardet-Bastien Fleury frantsesak heldu ziren irabazlearengandik ia bi minutura. Lehen talde euskalduna Asier Alonsok eta Aitor Ajuriak osatutakoa izan zen. Zazpigarrenak izan ziren, hori bai, proba Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Taldekako Euskadiko Txapelketarentzat baliagarria zenez, gizonezkoen garaipena lortu zuten hitzordu ofizial horretan. Rafa Urbizu eta Jon Ander Aranburu bigarrenak izan ziren, eta, hirugarrenak, Aitor Otxoa eta Lander Alvarez.

Emakumeetan, berriz, Nahia Quincoces eta Igone Campos aise gailendu ziren 3:29:30eko denborarekin. Haien atzetik honako bi talde hauek geratu ziren: Natalia Mastrota-Anna Tybor eta Susana Rivero-Belen Rodriguez. Quincocesek eta Camposek euskal txapelak ere eskuratu zituzten.

Bigarren egunean, Luz Ardideneko eski-estazioan izan zuten irteera puntua. 20 kilometro eta 2.253 metroko goranzko desnibela zituen ibilbide teknikoa zuten zain lehiakideek. Stofner-Beccari eta Quincoces-Campos lehenak izan ziren berriro. Eta podiumetan ere ez zen aldaketarik izan, azken sailkapena bere horretan mantenduz. Gizonezkoen proban, Alonso-Ajuria izan ziren euskaldun onenak bi egunetako lana batuta ere. Guztira, 66 bikotek bukatu zuten proba.