Markel Yoldi Guerra
Ikama ikasle antolakundea
KOLABORAZIOA

Hezkuntza sistema aldatzeko

Errealitatea etengabeko aldaketan eta mugimenduan dela diote. Gure jendartearen mugimendua ukatzea kontraesankorra da gaur egungo errealitatearekin. Bada, Ikama ikasle antolakundetik denbora daramagu hezkuntza sisteman erroko aldaketak behar direla aldarrikatzen. Ezin da ikastetxeetan duela 50 urteko molde pedagogiko berak ezartzen jarraitu, ikastetxe eredu berberekin, eduki berberekin...

Hezkuntzak jendartearen erdigunean egon beharko luke, eta ez gutxi batzuen interesetara bideratuta, etorkizuneko herritarrak balio integratzaileen barruan heziz eta bizitzarako ahaldunduz. Esan bezala, jendartea eta honen beharrak aldatu diren arren, gaur egungo hezkuntza sistemak estatiko dirau. Mugikortasun faltak interes zuzen batzuei erantzuten die, eta ez bereziki ikasleon interesei. Hezkuntza guztiz eremu politizatua baita, non ikasketa prozesuaren nondik norakoek ikasleon pentsamendu eta, hortaz, jarreretan zuzeneko eragina duten.

Egoera pandemikoak azaleratu duen gaur egungo sistemaren krisi egoeraren aurrean, hezkuntza sisteman historikoki ezaugarri esanguratsuenetarikoa den malgutasunik ezak gogor jo du ikasleongan. Oinarrizko bitartekoen garestitzeak bizitzen pobretzea hauspotu du gugan, eskolaratzeak suposatzen duen gastu ekonomikoa inoiz baino pisutsuagoa eginez. Hala nola, kale zein instituzioetan nabarmendu den eskuin muturraren hedapena ikastetxera ailegatu da, pintada bidezko eraso zuzenen forman. Krisiak zaintza sistemaren kolapsoa ekarri du berarekin alor guztietan, baita ama lurraren suntsipenean atzerapauso handiak ere.

Hezkuntza sistemaren beraren egoera kaskarra ukaezina da; ustelduta dagoen eredu batean hezten gaituzte, agerian utziz hezkuntzari ematen dioten garrantzia eta haientzat ikasleok dugun papera. Ikasleen beharrak kontuan hartu gabe, sistemaren makineria gisa erabiltzen da hezkuntza, balore eta pentsamendu hegemonikoak erreproduzituz (hala nola, heterosexualitatea, familia nuklearra, etengabeko kontsumoa, historiaren ikuspegi etnozentrikoa, genero eta sexua...). Eta ez dira harritzekoa espainiar Estatuan izan ditugun lege aldaketak, momentuko alderdiaren arabera hezkuntza lege ezberdinen ezarpena, LOMLOE (PSOE-Podemos) eta LOMCE (PP) kasu. Prozesu hauetan, ikasleen garapen pertsonala ez da lehentasunen zerrendan sartzen inondik inora eta gure beharrak isilarazi nahi dituzte. Honen adibide argia da euskaraz ikasteko eta bizitzeko dugun ezintasuna Euskal Herriko txoko ezberdinetan eta bereziki Nafarroan, non euskararen kontrako legeak zutik dirauen 35 urtez, Nafarroa hiru eremutan bananduz eta nafarron hizkuntza eskubideak urratuz.

Ikastetxeetan bizi dugun egoera gero eta prekarioagoa da. Ikasgeletako ratio handiegiak, ikasketa prozesua garatzeko baliabide eskasak, hezkuntzaren pribatizazioa eta ikastetxeetako segregazioa honen adibide batzuk baino ez dira.

Sistemaren erdigunean egon beharko lukeen arren, gaur egun hezkuntzak ez du pisuzko garrantzia hartzen agintean daudenentzat. Hezkuntzan egun egiten diren inbertsio gehienak honen gaineko kontrola handitzeko baino ez dira. Ikastetxeetan indar polizialaren presentzia handitzea, ikasleak txibato lanak egitera derrigortzea eta kontrolerako mekanismoen areagotzea (Inika bezalako plataforma zein jolastokietan kamerak jarriz) ez dira kasu isolatuak. Nola ez, injustizia hauen aurrean antolatzeko hautua egiten duen ikasle oro isilarazi nahi dute agintariek, gaur-gaurkoz, ikasleon antolakuntzaren kriminalizazioa inoiz baino presenteago dugularik gure artean.

Eztanda egin duen egoera baten aurrean gaude. Pandemiak eta egungo hezkuntza sistemaren utzikeriak ikasleongan ondorio psikosozialak ekarri ditu eskutik. Berriz ere, gure sistema ez dago horiei aurre egiteko prest eta osasun mentalaren kaltetzea aurrera egiten ari da ikasleongan. Hezkuntza ibilbidean presioa eta beldurra dira nagusi eta, tamalez, elkar zaintzeko eta sozializatzeko gero eta espazio zein bitarteko gutxiago ditugu.

Egoera horrela, Chivitek eta bere lagunek hauteskundeetan boto gehiago lortzeko aukera gisa ikusi dute hezkuntza itun bat aurrera eramatea, inolako ibilbiderik izango ez duena, hezkuntza komunitateko zenbait eragile zein bestelako alderdi politikoak prozesutik kanpo utzi dituelako. Ezin dugu ahaztu gobernua bera izan dela aurretiaz aipatutako zonifikazioaren legea eta gure eskoletan Terrorismoaren Unitate Didaktikoak martxan jartzeko apustua egin duena, gure herriaren aurkako indarra erabili izan duten eta erabiltzen jarraitzen duten indar polizialen eskutik.

Horregatik guztiagatik, ikasleon beharrizanak alde batera utzi eta hezkuntza beren mesederako erabili nahi dutenei argi esan behar diegu hezkuntza sistema aldatzeko ikasle antolakuntza dela bide bakarra. Iraultza horretan dagoelako, aldaketa gugandik aterako delako eta aldaketa posiblea delako, hori baita lehenengo iraultza, gugan hasten dena. Horregatik, martxoaren 29an Euskal Herriko kaleak beteko ditugu ehunka ikaslek.

Ez digutelako ezer oparituko, borroka dezagun hezkuntza sistema aldatzeko!