GARA Euskal Herriko egunkaria
FUTBOLA

Girondinsek markagailua irauli du Alavesen aurka Baionan (2-1)


Alavesek lagunarteko partida jokatu zuen, atzo, Bordeleko Girondinsen aurka, Baionako Didier Deschamps futbol-zelaian. Ondo hasi ziren gauzak gasteiztarrentzat, goiz aurreratu baitziren markagailuan, baina talde frantsesak –Johaneko Louis-Jean baionarrak lehen zatia jokatu zuen, aukera bat izanda, gainera–, lehia amaitzeko ordu laurden falta zenean, buelta eman zion (2-1).

Jose Luis Mendilibar Alaveseko entrenatzaileak minutu gutxien izaten dituzten jokalariak zelairatu zituen hasieratik: Sivera; Martin, Miazga, Ximo Navarro, Javi Lopez; Tomas Pina, Pere Pons, Manu Garcia, Jason, Manu Vallejo; eta De la Fuente.

Zelai erdiko hiru jokalarirekin eta aurrelari bakarrarekin jokatuz, partidaren kontrola izan zuten babazorroek lehen zatian eta zazpigarren minutuan De la Fuentek gola egin zuen aurkarien area barruan alderatze bat aprobetxatuta. Bigarren zatian gauzak guztiz aldatu ziren eta Girondinsek markagailua irauli zuen Niang (77’) eta Mangasen (84’) golen bidez.