GARA Euskal Herriko egunkaria

AEBek Sahararentzako Marokoren autonomia plan «errealista» babestu dute

Espainiar Estatuaren jarrera aldaketa lortu ondoren, Mendebaldeko Sahararentzako Marokoren autonomia planak AEBen babesa ere jaso du Antony Blinken estatu idazkariaren eskutik. AEBen laguntza baliatuz, Rabatek europar estatu guztiei eskatu die plana babestea.


Negeveko Gailurrean Israelekin eta aliatu arabiarrekin Iranen kontrako frontea sendotu ondoren, Marokok Sahararentzako aurkeztutako autonomia plana babestu du Antony Blinken AEBetako estatu idazkariak Rabatera egindako bisitan. Donald Trump AEBetako presidente ohiak Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasun marokoarra onartu zuen jada 2020an eta, Blinkenek espresuki hori egitea baztertu badu ere, Bidenen Gobernuak de facto bereganatu du erabakia. Are, Negueven osatutako fronteak eta atzo Blinkenek Rabatera egindako bisita jarrera hori indartzen dute.

Marokok aurkeztu eta Fronte Polisarioak baztertutako Mendebaldeko Sahararen autonomia plana «serioa, sinesgarria eta errealista» da gatazkari irtenbidea emateko AEBen iritziz. Staffan de Mistura Mendebaldeko Sahararako Nazio Batuetako mandatariak «prozesu politikoa bideratzeko egindako ahalegina» ere babestu du Blinkenek.

Autonomia plana

Nasser Burita Marokoko Atzerri ministroak, bere aldetik, Blinken autonomia planaren alde agertzea txalotu zuen. Buritaren esanetan, AEBen jarrera «finkoa eta egonkorra da» eta, Marokoren plana, Sahararentzako «irteera bakarra». Aldi berean, Estatu espainiarrak plana onartzeko izandako jarrera aldaketa txalotu zuen Buritak, eta orain beste estatuek ere, batez ere europarrek, «konfort-zonatik» aterata bide bera hartzea espero du.

Buritak azpimarratu zuenez, Espainia ez da Marokoren nahietara makurtu den herrialde bakarra, eta Alemaniaren kasua ere gogoratu zuen. «Dinamika berri» horrekin estatu europar gehiagok ere bat egingo dutela uste du. Ildo horretan, ministro marokoarrak Nazio Batuen planaren inguruko nazioarteko adostasuna mespretxatu zuen, «prozesu bat babestea ez da nahikoa» esanez.

Rabatera egindako bisitan, Blinkenek Maroko AEBen «aliatua» dela nabarmendu eta bi herrien arteko harremanak indartzeko «aukera guztiak» onartuko dituela gaineratu zuen. Giza eskubideen urraketen aurrean ez ikusiarena eginez, errege marokoarrak «bultzatutako asmo handiko erreformak» ere goraipatu zituen. Marokon bertan, Arabiar Emirerri Batuetako burua den Mohammed ben Zayed Al-Nahyan printzearekin ere elkartu zen Blinken, Irango eta Yemengo auziei buruz eztabaidatzeko. AEBetako ordezkari diplomatikoak gaur bukatuko du bere bidaia, Aljerian.