GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Hernanin, zaintza lanen demokratizaziorantz


Azkenaldian, asko ari gara zaintzaz hitz egiten eta poztekoa da; izan ere, zaintza gure bizitzen oinarria da, bizitza mantentzeaz gain ongizatea eskaintzen digu, eta duintasunera gerturatu. Gure lurralde eta gorputzek minduta izateko aukera dute, eta horrek zaintzea eskatzen digu. Baina susmoa dugu zaintzak era instrumentalean ari direla erabiltzen merkatu hobi bilakatzeko, soilik jarduera ekonomikoa sustatzeko.

Zaintza krisi batean murgilduta gaude, pandemiak agerian utzi duen gisara; hots, handitzen ari da zaintzen merkantilizazioa, komunean ditugun ondasunak kapitalaren mesedetan ari dira jartzen eta bizitza sostengatzeko ardura ikusezinak diren eremuen gain gelditu dira: emakumeak, adineko emakumeak, migratutako emakumeak, txirotutako lurraldeak gara krisi hori sostengatzen ari garenak, beste behin. Jendarteko geroz eta geruza gehiagok ezin dituzte beren zaintza premiak ase: ezin dute elkar zaindu, ezin dute zainduak izan, ezin dituzte besteak zaindu.

Zaintza lanek gutxietsiak jarraitzen dute, erabat feminizatuak, haien antolaketa lege arrazistak zein familistak zeharkatuta eta geroz eta merkantilizatuagoak. Gainera, zahartze tasak gora egiten jarraitzen du eta horrekin batera dependentzia indizeak. Zaintzaile potentzial gutxiago gaude eta zerbitzu publikoak politika neoliberalen ondorioz irabazi asmoaren logikan jarri dira eta estankatu dira. Zaintzaileen egoera diskriminazioak eta prekaritateak ezaugarritzen dute: lan karga handia dute, ez dute denborarik beste ezertarako, lan hitzarmenak agortuta daude, lan harremanak oso zailak dira eta lan horietarik eratortzen diren ondoezak ez dira ez aztertzen, ez aitortzen. Aipagarria deritzogu etxeko langileen egoerari, eta horien artean egoiliar gisa jarduten dutenenari. Izan ere, Estatu espainolean milioi batetik gora daude etxeko lanean, eta irregulartasunaz gain, pobrezia atalasean bizi dira %32,5.

Ezin dugu horrela jarraitu. Jakin badakigu zaintzaren ulermena aldatzeak dena aldatzeko aukerak eskaintzen dizkigula, baina guk orain txikitik hasi nahi dugu, Hernanitik. Zaintza lanak demokratizazio bidean jarri nahi ditugu, beste eredu baterantz bidea urratzen hasi; hots, zaintza eskubide kolektiboa izan dadin urrats txikiak egin nahi ditugu. Ez goaz dena aldatzera, gure inguru hurbilean ditugun egoera larriak eta bidegabeak hobetzera baizik. Zaintza-burujabetza gure helburua izaki, aurre-urratsak egin nahi ditugu: zaintza lanen banaketa justuago, duin eta demokratiko bat egiteko prozesuak, azpiegiturak eta baliabideak unibertsalizatu nahi ditugu. Horretarako, zaintza lanak eskaintzen dituzten langileen lan-baldintzak duinduko dituen zaintza eta akonpainamendu zerbitzu publiko berriak sortu eta eskainiko dira eta, bestetik, zaintzen demokratizazio orokorra bilatuko duen zaintza sistema eraikitzen joan nahi dugu.

2020ko maiatzean aurkeztu genuen “Zaintza lanen demokratizaziorantz: Beterri-Buruntzaldeko zaintza-erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena 2020” lana. Hernanin, hainbat egitasmo jarri ditugu martxan harrezkeroztik, baina herritarron arteko eztabaidan sakondu nahi dugu, eta aztertu zein beste konpromiso har ditzakegun. Horretarako antolatu ditugu apirilaren 1 eta 2eko jardunaldiak: elkarrekin hausnartzen jarraitzeko. Hernaniko egoera ezagutu, martxan ditugun egitasmoak mamitu eta beste toki batzuetatik datozen esperientziekin aberastu nahi dugu egun horietan. Aipatutako bidean beste urrats bat izango dira jardunaldiak, burujabetzaren bidean hausnartzeko une bat, lanean jarraitzeko.