GARA Euskal Herriko egunkaria

Vucicek botereari eutsi nahi dio Serbian, egonkortasuna eta bakea aginduz

Aleksandar Vucicek ezegonkortasunaren mamua darabil, bihar Serbian Ukrainako gerraren itzalpean egingo diren bozak irabazteko. Inkesten arabera, presidenteak karguari eutsiko dio eta oposizioak aukera gutxi du krisiak hautesleen lehentasunak aldatu dituela-eta.


Hamarkada bat boterean eman ondoren, Aleksandar Vucicen SNS alderdiak Legebiltzarrean kontrol osoa lortu nahi du berriz. Presidenteak berak ere bigarren legealdia eskuratuko du, inkesten arabera.

Ultranazionalista sutsuak politikan eman dituen lehen 15 urteetan europazale gisa aurkeztu du bere burua, 2008tik, eta Europar Batasunarekin bat egiteko negoziazioak bultzatzen jarraitzen du, baina urteak dira negoziazio horiek geldirik daudela.

Ukrainaren inbasioak bere kanpainaren ardatzak erabat aldatu zituen; ustelkeria, ingurumena eta giza eskubideak zituen gai nagusi.

Vucicek gerra bere alde aprobetxatu nahi izan du eta ezegonkortasunak sortutako beldurrari aurre egiteko eta ekaitzaren erdian lemari eusteko gai den bakarra bera dela aldarrikatu du.

«Irina dago hemen, hemen dago atzo banatu zen gatza, ilarrak daude hemen. Biltegiak beteta daude», adierazi zuen telebistan Serbian dauden elikagai erreserbez mintzatuz.

Kanpainaren erdian, goiburu berri bat ere sortu zuen: «Bakea. Egonkortasuna. Vucic».

Duela hilabete batzuk oposizioa aurrera egiten ari zela ematen zuen eta, urtarrilean, Vucicek litio meategi baten proiektua bertan behera utzi zuen protesta ugariei erantzunez, bere ibilbide politikoan atzerapausorik ia eman ez duen arren. Garai nahasietan, ordea, jendeak oinarrizko segurtasuna bermatuta izan nahi du eta Jugoslaviaren desegitea ekarri zuten gerrak eta klase ertaina gogor jo zuten zigor ekonomikoak ondo gogoan dituzte serbiarrek.

Azken inkesten arabera, lehiakide nagusia Zdravko Ponos jeneral ohia da. «Gakoa ez da diputatu batzuk gehiago lortzea, baizik eta Serbia herri demokratiko eta europarra izango den Vucicek beste bost urtez boterean jarraitzen badu», adierazi zuen. Baina Ponosek eta oposizioak aukera gutxi dituzte Vucicen aldeko koalizioaren aurrean. Gerrak hautesleen lehentasunak aldarazi ditu eta oposizioa ez da horretara egokitu.

Serbiar asko Errusiaren alde daude gerran eta oposizioko alderdi batzuk ere iritzi horiekin bat datoz.

Gainera, Vucicek beste abantaila batzuk ere baditu. Boterean egon den bitartean instituzioen eta hedabideen kontrola areagotu du. Horrez gain, kanpainaren aurretik dirulaguntzak banatu ditu, batez ere gazteen artean batez besteko soldata 600 eurokoa den herrialdean.