GARA Euskal Herriko egunkaria
PROTAGONISTAK

Eskalada lehia ez binarioa tantaka iristen ari da

Inklusioaren aldeko lehen jarrerek isla izan dute Texasen (AEB) eta Whitehorsen (Kanada) antolatutako txapelketa aitzindarietan. Ohiko bi kategoriak alde batera utzi eta sailkapen ez binarioa jasotzen zuten hitzorduetan lehiatu dira Lane Rosa eta Erin Corbett.


Dagoeneko, eskaladaren inguruan antolatzen diren lehiek eta txapelketek ibilbide luzea egin dute. Oinarri sendoa dute. Beste kirol lehiaketa batzuetan bezala, eskaladan ere erabat ohituta gaude (edo gauzkate) bi kategoria nagusi izatera: emakumezkoena eta gizonezkoena.

Azkenaldian, baina, aldaketa batzuk ikusten ari gara eskaladaren munduan. Adibidez, kirol ez binario eta transgeneroa, pixkaka bada ere, tokia hartzen hasi da; hots, arreta bereganatzeko lehen urratsak egin ditu.

Han eta hemen informazioa arakatzen jardun eta gero, lehia ez binarioen bi “uharterekin” egin dugu topo. Texaseko (AEB) Crux Climbing Center rokodromoa izan da lehia ez binario bati atea zabaldu dion lehena. Lekukoa hartu duena, berriz, Whitehorseko (Kanada) Climb Yukon izan da. Bi hitzordu horiek honako bi protagonista izan dituzte: Lane Rosa eta Erin Corbett.

Aurreratu dugun bezala, Texaseko Crux Climbing Center izan da aitzindaria. Nahiz eta ateak soilik duela sei urte zabaldu zituen, rokodromo horretan antolatu diren probetan goi mailako eskalatzaileak ikusi ditu. Alabaina, arduradunek dioten bezala, atmosfera berezia du: «Guretzat garrantzitsuena bisitatzen gaituzten eskalatzaileen artean interakzioa sortzea da. Neurri handi batean, hartzen diren erabaki guztiak horizontalak dira; hau da, eskalatzaileek erabakitzen dute zer bide hartu behar dugun. Lehia ofizialak antolatu izan ditugu, baina azpimarra berezia jarri diegu lehiaketa herrikoiei. Iaz eginiko batek aldaketa ekarri zuen. Azken bost urteotan ohiko bi sailkapenak egin izan ditugu, baina, Grace Nicholas kideari esker, lehen aldiz, hirugarren sailkapen bat indarrean jarri genuen: ez binarioa».

Lane Rosa izan zen kategoria horretan parte hartu zuen lehen lehiakidea. Eta bizi izan zuen esperientziaren inguruan dio oso zaila egiten zaiola hainbeste pentsamendu eta sentimendu hitz gutxitan azaltzea: «Gizabanako ez binario transmaskulinoa naiz. Duela urtebete, testosterona hartzen hasi nintzen; batez ere, nire genero identitatea indartzeko. Erabaki hori hartu ondoren, banekien kiroletan ohikoak diren sailkapenetan ezin nuela era justuan parte hartu. Bidegabea zen nesken kategorian lehiatzea, eta, gainera, ez zuen bat egiten identifikatzen naizen generoarekin. Horrez gain, gizartean badago eztabaida piztu duen gai bat ere: zein sailkapenetan parte hartu behar dute transexualek?».

Maila ez binario batean lehiatu aurretik, Lanek aurreratu du unibertsitatean taldeko kiroletan oso murgilduta ibili zela. Ikasketak amaitu eta Texasera bizitzera joan zen. Bertan ezagutu zuen Crux Climbing Center kiroldegia eta komunitate horretako kide bihurtu zen: «Asko erakartzen nau lehiak. Berdin dit deialdi bat ofiziala den edo soilik jolaserako den. Hormonak hartzen hasi nintzenean, argi dut erabaki zuzenena hartu nuela; baina, era berean, jabetu nintzen ohiko kategorietan parte hartzeko aukerarik ez nuela izango».

Baina arestian aurreratu dugunez, rokodromo horretan sailkapen ez binarioa jasotzen zuen proba bat antolatu zuten; hain zuzen ere, boulderrekoa. Deialdiak zur eta lur utzi zuen lerrootako protagonista. Txapelketan parte hartzeko aukera ez zuen galdu eta izena eman zuen berehala: «Etorkizunari begira zirrikituren bat edo beste ikusten banuen ere, ez nuen uste urrats hori hain azkar egiteko aukera izango nuenik. Aparta izan zen eskalatzaile transgenero bezala Texasen lehiatzeko aukera izatea. Horri esker, naizen bezala aitortu naute. Crux Climbing Center rokodromoko eskalatzaileek ondo baino hobeto hartu naute. Zentroak egindako keinu erraldoiak erakusten du bide egokian gaudela. Inklusioaren bideari ateak zabaldu dizkiote. Horregatik guztiagatik, nire esker onena eta maitasun osoa bertako arduradunentzat».

Beraz, Texasen antolatutako boulderreko hitzordu horretan hiru sailkapen izan ziren. Antolatzaileak oso pozik geratu dira ekimenak izandako erantzunarekin, baina, halaber, indarrean jarritako formatuaren inguruko galdera batzuk ere mahaigaineratu dituzte. Aurrerantzean formatu horrek funtzionatuko al du? Kategoriak antolatzeko beste formula batzuk hautatu al daitezke? Texasko rokodromoko arduradunak hasi dira gaia aztertzen, baina argi eta garbi dutena da lehen urratsa, garrantzitsuena, egin dutela.

Kanadan, bigarren urratsa

Texaseko lehiak nolabaiteko oihartzuna izan du; izan ere, Whitehorsen (Kanada) dagoen Climb Yukon rokodromoan ere lehia ez binario bat antolatu dute lehendabizikoz. Texasko hitzorduan bezala, soilik lehiakide bakarra izan du txapelketak: oraingoan, Erin Corbett.

Corbetten inguruan aurreratu behar dugu eskalada Whitehorsera bizitzera joan zenean ezagutu zuela: «Betidanik egin dut kirola, batez ere, aire librean. Baina eskalada ez nuen ezagutzen. Rokodromo bat zegoela esan zidaten, eta, bisitatu eta gero, nire lehen katu-oinak erosi nituen. Ondoren, herriko harkaitzeko bideak hainbat lagunekin probatu nituen. Eta onartu behar dut erabat harrapatu ninduela eskaladak. Pixkaka bada ere, beste alderdi eta pareta batzuetara bidaiatzen hasi nintzen. Kirol eskaladaz gain, tradizionala ere praktikatu dut, eta lasai asko aitor dezaket eskalatzaile osoa bihurtu naizela. Baina hemen neguak oso luzeak dira, eta arrokan eskalatzeko aukerarik ez dugu. Sasoiari eusteko, Climb Yukon rokodromoan entrenatzen hasi nintzen. Bertan lagun asko egin ditut, eta, hain zuzen ere, haiek bultzatu ninduten nire lehen txapelketan parte hartzera. Ez nekien zer egin, besteak beste, ohiko sailkapenek lehiatik kanpo uzten nindutelako. Zorionez, rokodromoko hainbat kidek lagundu ninduten, eta horretarako hitzordu ez binario bat antolatu zuten. Inklusioaren aldeko apustu aparta izan zen, eta hori eskertu behar diet. Erabaki horrek eskalada askoz ere gehiago maitatzera eraman nau. Beste era batera esanda, horrek eraman nau eskaladan jarraitzera».

Corbettek onartu du deialdiak erronka zehatz batzuk zituela: «Lehiara bertaratu nintzenean ez nekien ‘beste’ sailkapenaren laukia markatuko ote nuen ere. Eta hori esaten dut erabaki hori deserosoa delako. Azkenean, baina, ez nuen zalantzarik izan eta kategoria horretan lehiakide bakarra izan nintzen».

Climb Yukon rokodromoan antolatu zen hitzorduari dagokionez, nabarmendu behar dugu Kanadako txapelketa ofizialeko sailkapen txanda bat zela. Antolatzaileek zein protagonistak bazekiten Kanadako Txapelketak ohiko bi kategoriak soilik dituela. Aitzitik, txapelketak berez maila ez binarioa onartzen ez badu ere, Corbetti lehiatzeko aukera eman zioten: «Uste dut aurrera egiten ari garela, eta erabaki horrek geure komunitatea aberasteko balio du. Zalantzarik ez dut etorkizunera begira publizitate bikaina izango dela. Sailkapenak egitea bidezkoa da, baina dagoen segregazioaz jabetu beharra dugu. Hor dago gakoa. Indarrean dauden pribilegioen ondorioz, ez dugu bitarteko batzuetara iristeko modurik. Oro har, hori lortzeko aukera gizonek dute soilik».