GARA Euskal Herriko egunkaria
ERRUGBIKO KOPA

Ordiziaren Altamirako lehendabiziko porrota Kopako finalerdietan iritsi da


Denboraldi honetan etxean galdu gabe zen oraindik ere Ampo Ordizia. Ligan etxean atzo arte jokatutako zazpi partiduak irabaziak zituzten ordiziarrek eta, hain zuzen ere, horregatik zen hain erakargarria Altamiran jokatu beharreko Kopako finalerdia. El Salvador, ordea, nagusi izan zen azkenean. Ligako liderrak hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna eta, hala, lehen ordu laurdena bete aurretik Martin Du Toitek eginiko entseguak eta Sam Katzek bihurtutako zigor kolpeak 0-7koa jarri zuen markagailuan.

Lehen zatia ordiziarren zelaian jokatu zen ia osorik, liderra garaipena eskuratzeko asmo tinkoz zelairatu baitzen. Soilik lehen zatiaren bukaera aldean lortu zuten etxekoek kanpokoen presioa gainditu eta markagailua estreinatzea.

Bigarren zatian, euri jasa etengabe iristearekin batera, intentsitatea jaitsi zuten bi taldeek. Jokoa moteldu egin zen eta bi taldeak euren fase estatikoei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatu ziren. Ordiziari mesede egin zioten ordezkapenek eta partidan sartzeko aukera ere eman zioten. Matotok eskuan izan zuen etxekoen lehen entsegua baina obalak ihes egin zion markatik bi metro pasatxora zegoenean. Bere akats handiak, hala ere, ez zion Ampo Ordiziari kalte handiegirik egin, eta, ondorengo melean bertan, Marotiasen mutilek oso azkar jo zuten aurrera eta Andell Loubser atzelariak, azkenean, kanpoko defentsa hautsi zuen baloia atepean pausatzeko (13-16).

Jarraian, baina, etxekoek zelai erdian egindako beste akats bat ondo baliatu zuten Valladolidekoek eta Velarderen entsegua kolpe erabakigarria izan zen. Alcobendas edo Ciencias Enerside izango du arerio El Salvadorrek maiatzaren 1eko finalean, La Cartujan (Sevilla).