Andoni ARABAOLAZA
MATTERHORN

Patrick Gabarrouren maisulanari ukitu berezia eman diote

Emrik Favre, Francesco Ratti eta François Cazzanellik «Padre Pio+Echelle vers le ciel» bidearen neguko lehen igoera sinatu dute.

Emrik Favre, Francesco Ratti eta François Cazzanelli, mendi gidariak izateaz gain, alpinista zailduak ere badira. Hots, lehen lerroko jarduerak egiten dituzte. Eta azkena, Cervinoko edo Matterhorneko (4.478 m) hegoaldeko aurpegian sinatu dutena, kalitate handikoa izan da. Gainera, oso estilo onean biribildutakoa.

Alpinista italiarrok martxoaren lehendabizikoan zapaldu zuten gailur enblematiko zein estetikoa. Aurretik, hiru eguneko eskalada gogorra gainditu eta bi bibak oso hotz igaro zituzten. Azkenean, baina, Matterhorneko historian murgiltzea lortu zuten. Izan ere, igoera egiteko Patrick Gabarrouren maisulan bat aukeratu zuten. Bai, italiarrok “Padre Pio pregga per noi” bidetik (6c+) hasi eta, ondoren, “Echelle vers le ciel” marratik (7b) jarraitu zuten. Hau da, Gabarrouk berak asmatutako xedea. Denera, 1.870 metro.

Bada, protagonistok gai izan ziren marra luze horren neguko lehen igoera egiteko. Ez da lehen ekinaldian izan. Ez, iazko saiakeran, muturreko hotzak atzera egitera behar zituen. Bigarren honetan, berriz, lan eskerga egin behar izan zuten, 1.870 metro horietan 7b zailtasun teknikoak gainditu behar izan zituztelako. Matterhorneko horma eguteran da, bai, baina neguko jarduera izan da zalantzarik gabe.

Aurreratu dugu “artista” frantziarrak 2016. urtean sortutako helburua dela. Horren guztiaren inguruan Cazzanellik berak hitz egin nahi izan du. Gogoratu behar dugu mendi gidari honek Matterhorn mendi ikonikoa bikain ezagutzen duela. 94 aldiz izan da gailurrean, baina azken igoerari ginga berezia jarri dio: «Gabarrouren bidea egitea guretzat amets handia zen. Kontuan hartu behar da Matterhorn bitxi berezia dela. Gure mendia da! Alde guztietatik begiratuta, igotako marra arras erakargarria da. Iazko ekinaldian erretiratu egin ginen, baina bigarren saioan baldintza perfektuak izan ditugu: eguraldi lehorra eta leiho ona. Jarduera bukatu bezain laster, Gabarrouri deitu eta, eskaladaren inguruko dokumentala prestatzen ari garenez, bisita egin genion. Duela urte batzuk ezagutu genuen eta Dent d’Herens-en izan zuen ezbeharraren erreskatean ere parte hartu genuen. Ondorioz, gure hartu-emana sendotu egin zen. Lagun handia dugu. Guk eginiko neguko lehen igoeraren berri jaso zuenean (lehen errepikapena ere izan da), zur eta lur geratu omen zen. Txalotu egin du gure eskalada, eta aitortu digu oso pozik dagoela lortu dugun emaitzarekin. Langa oso goian jarri dugula ere esan digu».

Aipatu dugu Matterhorneko bidean italiarrok bi ekinaldi egin dituztela. Cazzanellik azpimarratu nahi izan du lehenengo saiakera oso lagungarria izan zela bigarren ahalegina prestatzeko: «Iaz ez zegoen giro mendian, baina, itzultzeko asmoa genuenez, tresneria utzi genuen bertan. Iazko denboraldian pilatutako eskarmentuak ere berebiziko garrantzia izan du. Nahiz eta eguraldiak gora egitea eragotzi zigun, egindako eskaladarekin eroso sentitu ginen. Hori bai, maniobra batzuekin, sokarekin eta petateekin zehazki, nahiko baldar jardun genuen. Azken saio honetan, aldiz, akats horiek konpondu ditugu. Gainera, hormaren baldintzak bikainak izan dira; besteak beste, arroka oso lehor zegoen. Harkaitzetik elurrera eginiko transferentziak ere ondo joan ziren. Horri esker gure erritmoa ez zen mantsotu. Hotza izan zen gure arerio bakarra».

Gau luzeak

41 luze, 7b mailako tarteak, hiru eguneko eskalada, bi bibak oso gogor 3.900 eta 4.200 metrora eta gauez -20 graduko tenperatura. “Osagai” horiek guztiekin argi eta garbi geratzen da hiru alpinista italiarrok Matterhoneko hegoaldeko horman biribildu berri duten jarduera txapela kentzeko modukoa dela.

Cazzanellik berak “Padre Pio pregga per noi” bidea ezagutzen zuen; izan ere, duela bederatzi urte eskalatu zuen. Aurten Favre eta Rattirekin lortutako emaitzaren inguruan honako hau azaldu nahi izan du: «Eskaladaren unerik zailena lehen bibakaren aurretik bizi izan genuen. Gauez heldu ginen, eta bibaka antolatzeko leku egoki bat aurkitu behar genuen. Une nahasiak izan ziren. Pozarren gaude batez ere aukera egokiena itxaroten jakin izan dugulako. Eguraldi eta baldintza onei esker, proiektu hau ixteko aukera ederra genuen, eta uste dut ondo baino hobeto aprobetxatu dugula. Gabarrouren bide zirraragarria neguan igo dugu, eta onartu behar dut erabat bete gaituela lortutakoak».

Hori guztia esan eta gero, Cazzanellik horma luzean igarotako bi gau gogorrei azpimarra jarri nahi izan die: «Oso-oso luzeak izan ziren. Lehen ekinaldian utzitako lo-zakuak erabili genituen. Baina bigarren saiakeran aurkitu genituenean zur eta lur geratu ginen: izotzezko blokeak ziruditen! Poltsa, berez, osorik zen, baina zakuak hezetasuna hartu eta izoztu egin ziren. Apenas egin genuen lorik, eta eguzkiaren agerraldia antsietate handiarekin itxaron genuen».

Nahiz eta jarduera luze eta gogorra egin duten, italiarrok onartu dute arrokaren kalitatearekin zorte handia izan dutela: «Matterhorni buruz hitz egiten denean, eskuarki arroka txarra nabarmentzen da. Baina hegoaldeko horma horretan zutoin eta plaka sendoak daude eta, gainera, arroka onarekin. Gabarrouk zati oso onak aukeratu zituen. Arrokaren kalitatea aipatu dut, baina gehitu nahi dut sekzio batzuen eskaladarekin ere asko gozatu genuela. Azken gau hotzaren ondoren, eskaladaren azken egunean, ‘Furgeneko sudurra’ bezala ezaguna den azken tartea gainditu genuen. Hamabi luze izan ziren; horietako batzuk gogorrak. Adibidez, 7a mailako luze bat. Martxoaren 1ean, arratsaldeko bostetan, Matterhorneko gurutzean elkar besarkatu genuen. Hamasei bide ezberdinetatik 94 aldiz igo dut jada mendia, baina azken igoerakoa izan zen inoiz suertatu zaidan egunik hotzena. Nahiz eta hotz ikaragarria pasa, jaitsiera oso azkar egin genuen, ia korrika; izan ere, jaitsiera hori oso-oso kontrolatuta dugu. Matterhorneko gailurretik nire amaren jatetxera iristeko lau ordu behar izan genituen. Gabarrou zur eta lur utzi genuen».