GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

Azken txanpan itzali da itxaropena

Budimirren 2-1ekoak itxaropenerako tartea zabaldu badu ere, segituan itxi da, Carvalhok eta Morenok markagailua borobildu baitute gol bana eginez.


BETIS 4

OSASUNA 1


Osasuna bere bertsio onena erakustetik oso urrun geratu zen Benito Villamarinen, baina, hori horrela izanagatik ere, berdintzeko itxaropena izatera iritsi zen ezinezkoa zirudienean. Budimirrek egin zuen 2-1eko gola 64. minutuan, ordurako Sergio Herrerak zenbait geldiketa on egin eta gero. Eta eskerrak atezain gorritxoaren geldiketei, bestela ordurako gol andana jasoa izango baitzen Jagoba Arrasatek gidatutako taldea.

Txukun hasi zuen partida Osasunak, Betisi aurrez aurre jokatuz erritmo altuko lehian. Batetik bestera mugitu zen jokoa eta gorritxoek erakutsi zuten beraiek ere badakitela baloia ondo mugitzen. Nolanahi ere, egiari zor, arrisku handiena etxeko taldeak sortu zuen. Horren erakusle, 12. minutuan Alex Morenok langara bidali zuen burukada bat eta Joaquin ez zen fin ibili aldaratzea errematatzerakoan. Andaluziarra fin ibili ez zen jokaldi bakanetakoa izango zen, 40 urteko erdilaria bere taldeko onena izan baitzen atzokoan, Juanmiren atzetik noski, Realeko jokalari ohia bikain aritu baitzen ate aurrean. Bi aldiz asmatu zuen Malagako jokalariak: lehendabizi, 34. minutuan, Willian Joseren erremate kamutsa adi jarraitu eta Sergio Herrera ezustean hartuta; ostean, Osasuna jada atsedenaldian pentsatzen ari zenean, lehen zatiaren hondarrean.

Talde gorritxoak asko igarri zuen kolpea eta bigarren zati hasieran ere asko sufritu zuen. Gainera, Arrasatek golen kolpeei ez ezik, lesioei ere aurre egin behar izan zien. Atsedenaldian Juan Cruzek aldagelan geratu behar izan zuen –Aridane atera zen bere ordez– eta Manu Sanchez ere aldatzeko erabakia hartu zuen –soilik entrenamendu bat egina zen astean zehar–, Cote zelairatuz. Asturiarrak sakontasun gehiago eman zion taldeari, baina sakontasun hori ez zen iritsi Budimirrek, jokaldi isolatu batean, 2-1ekoa egin zuen arte. Kroaziarrak maisuki errematatu zuen erdiraketa eta Osasuna lehian bete-betean sartu zen, hein handi batean, minutu batzuk lehenago Sergio Herrera atezainak geldiketa apartak egin zituelako Guidoren jaurtiketa indartsuan eta Bartra eta Ruizen erremate bikoitzean.

Budimir berak ere egin zuen bigarren gol bat, berdinketarena izan zitekeena, baina kroaziarra jokoz kanpo zelako baliogabe geratu zen. Betis izututa geratu zen, baina segituan errekuperatu zen William Carvalhok eginiko gol apartari esker. Portugaldarrak 81. minutuan egin zuen gola eta, jada berea gol erabakigarria bazen, Alex Morenok 87. minutuan egindako 4-1ekoak guztiz erabakita utzi zuen lehia.