GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Langile borroka zaharrenek ere gaurkotasun osoa dute


Amazonek New Yorken duen biltegi bateko langileek enpresa estatubatuarraren historiako –duela 27 urte eratu zen– lehen sindikatua sortzearen alde bozkatu zuten iragan ostiralean. Amazoneko Langileen Sindikatua (ALU, ingelesezko sigletan) konpainiako langile ohiek eta egungoek osatzen dute. Garaipenaren garrantziaren erakusle da duela urtebete sindikatu bat antolatzen saiatu ziren Alabamako Bessemer hiriko Amazonen biltegiko langileek egitasmoa aurrera ateratzeko bigarren bozketa bat ere galdu berri dutela. Nolanahi ere, hainbat boto-orri aurkaratu dira, eta, beraz, auzia oraindik ere ez da ebatzi.

Amazoneko langileen garaipena albiste ona da arrazoi askorengatik. Lehenik eta behin, sukurtsal horretako langileek erakutsi dutelako antolaketarekin eta borrokarekin munduko multinazional erraldoiaren eta AEBetako bigarren enplegatzaile handienaren presioa ere gainditu daitekeela. Oso litekeena da New Yorkeko adibideak beste langile batzuk inspiratzea herrialdean zehar sindikatu berriak sortzeko, gehiegikeriei eta esplotazioari muga jartzeko. Bestalde, AEBetan sindikatu bat sortzeak enpresarekin hitzarmen kolektiboa negoziatzeko aukera irekitzen du, eta horrek lan baldintzak, soldatak eta gizarte prestazioak hobetu eta duinduko dituzten aurrerapenak ekarriko ditu. Hobekuntza horiek eragin zuzena izango dute langileen eta haien familien ongizatean, eta hori, zalantzarik gabe, pizgarria izango da langileen artean borroka berriak ernatzeko. Azkenik, sindikatu bat sortzeko dinamika horrek argi erakusten du zein zaila den herrialde askotan langileentzat esplotazioari aurre egiteko antolatzea. Era berean, erakusten du sindikatuak ezinbesteko tresnak direla aberastasuna banatzeko eta gizarte bidezkoagoak eraikitzeko.

XXI. mendean, multinazional handi batean sindikatu bat sortzea albiste garrantzitsua izateak berak argi adierazten du lan baldintza duinen aldeko borrokak zenbateraino jarraitzen duen lehentasuna izaten mundu osoan.