Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Bere bekatuen erruz galdu du Bilbao Basketek Madrilen

Hasieran 38-25 galtzen egon eta gero, 75-78 aurreratu da azken orduan, baina Fuenlabrada hobea izan da.

FUENLABRADA 87

SURNE B. BASKET 82


Zailena egin eta gero, Fuenlabradan irabazi eta denboraldiko hamabigarren garaipena erdiesteko aukera alperrik galtzen utzi zuen atzo Surne Bilbao Basketek. Etxekoen artean Ziga Samar antolatzaile esloveniarra azaldu zen bilbotarrak 75-78 aurreratu zirenean, neurketa amaitzeko minutu eskas falta zela, eta 21 urteko gaztearen talentuak neurri handi baten etxekoen alde irauli zuen Fernando Martin pabiloiko partida. Baina bilbotarren akatsek ere zerikusi handia izan zuten azken emaitzan.

Neurketa 75-78 zioala, defentsan bakar-bakarrik laga zuten bilbotarrek Samar, eta hirukoa sartuta erantzun zuen esloveniarrak. Markagailua 78-78 zela, berriz, Alex Reyesen eskuetan laga zuen Alex Mumbruk Bilbao Basketen erasoa, baina hegalekoak erasoko falta egin zuen hiru metrotik bakarrik botatzeko aukera izan eta gero. Hurrengo erasoan, Reyesek berak hiruko oso zaila kale egin zuen eta Fuenlabradak, Obi Emeganoren eskutik, jaurtiketa libreen marratik erabaki ahal izan zuen neurketa.

Jokaldi horietan guztietan, Andrew Goudelock bilbotarren izarra, izkina batean geldirik egon zen, bere entrenatzaileak horrela erabakita. Ez da erraza entrenatzailea izatea, baina badirudi Mumbru ez zela fin ibili.

Lastima itzela izan zen, hasieran Bilbao Basket 38-25 ere galtzen izan zelako. Baina Inglis eta Masiulisen eskutik markagailuan hurbiltzea lortu zuen atsedenaldirako. Bigarren erdian kostata eman zion buelta talde bilbotarrak partidari, baina bere bekatuek kondenatu zuten gero.