GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA - EHF EUROPEAN LEAGUE

Danimarkan galdu arren, Bidasoak sentsazio onekin esan dio agur Europari


GOG 33

BIDASOA-IRUN 31


Bidasoa-Irunek agur esan behar izan dio EHF European Leagueri… aurtengoz behintzat. Izan ere, Asobal Ligan daraman martxa bikainari segida ematen badio, hurrengo denboraldian ere Europan arituko da klub gipuzkoarra kontinenteko talde indartsuenekin lehian.

GOG talde daniarraren aurkako kanporaketa oso zail zegoen Bidasoarentzat lehen partidatik, bi goli buelta eman behar baitzion joaneko neurketa galdu ostean. Baina atzoko lehen zati eskasa kontuan izanda, bidea nola amaitu duen izan zen aipagarria, bigarren zatian euren esentzia berreskuratu baitzuten jokalariek eta atsedenaldiko zortzi goleko aldea bitara jaistea lortu baitzuten amaieran (33-31).

Hori da aipa daitekeen puntu garrantzitsuena. Izan ere, lehen ordu erdia ahaztekoa izan zen. Jacobo Cuetara ere horren jakitun zen eta bere haserrea erakutsi zuen hutsarte batean. Bigarren zatian, ordea, gauzak asko aldatu ziren. Xoan Ledok sekulako geldiketa sorta egin zuen –sei zenbatu genizkion– eta erasoan gehiago asmatu zuten bidasotarrek markagailua apaintzeko.

Partida oso gaizki hasi zen, lehen minutuetan Bidasoa-Iruneko Tesoriere eta Adrian bi minuturako kanporatu baitzituzten, eta bikain baliatu baitzuten daniarrek 3-0ko partzial batekin markagailuan ihes egiteko (5-2). Jarraian irundarren hondamendia heldu zen. Morten Toft Olsen gidari, etxekoak oso ondo aritu ziren erasoan eta defentsan. Bidasoa, aldiz, ezinean aritu zen: atsedenaldiko 20-12ko emaitzak dena esaten zuen.

Edo ia dena. Bigarren zatian beste aurpegi bat erakutsi baitzuen Bidasoak. Egia da etxekoek ez zutela kanporaketa arriskuan ikusi, atsedenaldiko zortzi goleko aldeari beste bi gehitu behar baitzitzaizkion. Baina Bidasoa bere filosofiaz baliatu zen mina egin eta Europari zapore gozoarekin agur esateko.