GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Marketinetik haratago ba ote dago aldaketarik Bizkaiko basogintza politikan?


Iazko iraileko Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran, Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak, eukaliptoari moratoria ezarriko zitzaiola iragarri zuen. Egia da neurriaren iragarpenak sorpresaz hartu gintuela, asko eta luze eztabaidatu baitugu Batzar Nagusietan basogintza iraunkorrari buruz eta politika publikoak basoari lotutako lurralde eta sektore biziari zuzentzeko beharraz. Horretarako beti eskatu izan dugu epe laburrerako basogintza barik, ikuspegi luzekoa, lurraldea zainduko duena, baserritarrei epe ertainerako alternatiba bideragarria eta merkatura kalitatezko zura eta beste zerbitzu eta produktuak eramango dituena. Ekonomia zirkularra bultzatuko duena, eta tokiko egurraren industria eta transformazioa sustatuko dituena, enplegu berdea handituz.

Aurreko legegintzaldian ere, zentzu horretan, EH Bilduk basogintzari buruzko 3/94 Foru Arauaren berrikuspen proposamena aurkeztu zuen. Batzar Nagusiek ez zuten tramitatu eta oraingo legegintzaldian ere EAJren iritzia argia izan da: ezetz, ez zela basogintzan inongo norabide aldaketarik emango. Eta hara! Goizetik gauera moratoria baten iragarpenarekin aurkitu gara.

Argi dago, logikan eta formetan Galiziako ereduari jarraitu diola Bizkaiko Foru Aldundiak. Gizartearen kezka jaso, sektoreari abisu publikoa eman bi urterako moratoria iragarpena eginez...

Eta praktikan zer gertatu da? EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiari idatziz galdetu zion ea zenbat eukalipto landatzeko baimenak eman diren 2021eko urriaren 1etik, moratoria iragarri zenetik. Erantzuna, 555 hektarea 5 hilabetean (futbol zelai baten azalera hektarea batekoa da gutxi gorabehera; beraz, 555 futbol zelai). Ez dago komentariorik. Martxa ona darama birpopulazioak. Beraz, beste behin ere, marketinean gelditzen da Aldundia, greenwashing horretan, zerbait egiten den itxura eman nahian ezer ez aldatzeko.

Moratoriak berak zentzua izan zezakeen, neurri osagarriak hartuko balira; esaterako, baso eta landa eremuaren zaintzan dirulaguntza lerro nahikoak zabalduz bai produkziorako basogintza naturatik gertuko zuhaitz landaketa dibertsifikatuetara bideratzeko, baita beraien partzelatik eukaliptoa kendu nahi dutenentzat ezabatze horretan eta baso-berritzean laguntzeko ere.

Horiexek dira, hain justu ere, EH Bilduk eukaliptoaren moratoriari buruzko Foru Arau aldaketaren zuzenketan eskatutakoak. Eta are garrantzitsuagoa, berandu baino lehen abian jartzea 3/94 Foru Araua bere osotasunean berrikusteko prozesua. Etorkizunera begira plangintza eta gogoeta beharrezkoa Foru Araua onartu arte.

Marketinean geratzen bagara, zer izango dugu? Landa eremua hipotekatuta. Uholde arriskuak, luiziak, ura, lurzorua, baserria eta baserritarrak, biodibertsitatea, paisaia, dena, hipotekatuta. Landa eremuan bizi garen pertsonak eta herrigune batzuk ere sute arriskupean. Etorkizun eskasa, benetan. Hau da saltzen diguten Bizkaia Berdea.