Ane URKIRI ANSOLA
GAUR

Kirol diplomazia aztertu eta garatzeko webinarra

Modu digitalean egingo den jardunaldian kirolariek ere hartuko dute hitza

Donostia Kulturaren eta Sports Alliance erakundearen arteko elkarlanaren emaitza da gaur, modu digitalean, kirol diplomaziaren inguruan egingo den jardunaldia. Gipuzkoako Aldundiko Kirol eta Kultura Sailak eta Wavegardenek, Salengoak eta Boiseko Unibertsitateak ere hartu dute parte prestaketa lanetan, eta 150 pertsona baino gehiagok eman dute izena.

Kirol diplomazia izango du ardatz jardunaldiak. Lehendabizi nazioarteko testigantzak batuko dira eta, ondoren, Euskal Herriaren nazioarteko posizionamendua aztertuko da zenbait euskal eragile eta kirolarirekin, tartean Edurne Pasaban alpinista, Clara Azurmendi badminton jokalaria, Juan Inazio Zulaika puntista ohia eta Roberto Olabe Realeko kirol zuzendaria.

Imanol Galdos Donostia Kulturako zuzendaritzako teknikaria izan da jardunaldiaren antolakuntzan buru-belarri aritu direnetariko bat. NAIZi emandako elkarrizketan azaldu duenez, «kirola lanabes oso indartsua da nazioen, estatuen zein estatu gabeko nazioen nazioarteratze estrategian; estrategia ezberdinekin batera kanpoan posizionamendua irabazteko baliagarria da, zalantzarik gabe».

Iaz Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko Udako Ikastaroetan jarri zen lehendabiziko hazia gaurko jardunaldia antolatzeko. Diplomazia publikoa izan zuten ardatz eta hor «sare garrantzitsu» bat sortu zela azaldu du Galdosek. Diplomazia kulturala aztertu zuten uztail hartan eta pentsatu zuten egokia izan zitekeela hurrengo urratsa kirol arloan ematea: «Gastronomia ere arlo indartsua izan daiteke, baina kirolak daukan indarra oso esparru gutxik daukate».

Nolanahi ere, kirol diplomazia «nahiko berria» dela zehaztu nahi izan du Galdosek. Galesen, esaterako, duela pare bat urte hasi ziren egituratzen. AEBetan, aldiz, lehentxeago ekin zioten.

Gaur bertan 17.00etan hasiko den webinarraren xedea Euskal Herriak kirol esparruan daukan potentziala ezagutaraztea da. Ildo horretan, euskal kirolak daukan «aberasgarritasunaz jabetzeko, perspektiba orokorra eskaini» behar delakoan da Galdos. Bukaerako helburua edo xede gorena «euskal diplomazian estrategia bat edukitzea» izan behar litzatekeela dio oñatiarrak, egun Euskal Herriak osatu gabe daukana. Gainera, argi dio horretarako ez dagoela estatu independente izan beharrik, edozein erakunde, kirol edo herritar izan daitekeelako «euskal enbaxadore».

«Juan Inazio Zulaika puntista ohiak esaten zidan azken 60 urteotan Euskal Herriak 4.000 enbaxadore inguru izan dituela munduan zehar, guztiak kirolarekin lotutakoak», jarri du adibidetzat Imanol Galdosek. Kontuan hartzeko auzia iruditzen zaio eta hori guztia egituratzeko beharra ikusten du.

«Txirrindularitza gure marka garrantzitsua da, munduari buelta ematen diote Pirinioetan ohikoak diren euskal zaleen irudiak», azaldu du beste adibide bat ipiniz. Euskal Selekzioaren ofizialtasunari dagokionez, nahiz eta Espainiak oztopoak jarri, uste du ez direla behar beste bide urratu.

Bi zati desberdin

Adibideak adibide, «eztabaidagune eta gogoetagune» izan nahi du jardunaldi digitalak, ondoren aliantzak sortzeko. Sports Alliance erakunde australiarrarekin lankidetza «samurra» izan dela onartu du Galdosek, Euskal Herriarekiko interes handia duelako. Nazioarteko sare handia duenez, parte hartzea bermatzea erraztu duela ere onartu du.

Bi ordu iraungo ditu jardunaldiak eta zenbait gai jorratuko ditu: kirol diplomaziaren azalpena, AEBetako esperientzia, nazio txikien kirol diplomazia, emakumezkoen presentzia kirol diplomazian, Europar Batasunaren estrategia alor honetan eta desgaitasuna kirol diplomazian.

Bigarren zatian, kirolean dabiltzan euskal enpresak (Orbea eta Wavegarden), euskal kirola, kirolarekiko zaletasuna, kirolak gazteen gizarteratzean izan ditzakeen onurak eta abar aztertuko dira. Hain zuzen ere, aipaturiko Edurne Pasaban, Clara Azurmendi, Juan Inazio Zulaika eta Roberto Olabek bigarren zati horretan hartuko dute hitza.