EDITORIALA
EDITORIALA

Adostutakoa praktikan jartzea da erronka zailena

Gasteizko Ganberak atzo onartu zituen hezkuntza-itunaren oinarriak, 75 legebiltzarkideetatik 68ren babesarekin. Oso ohikoa ez den gehiengo horrek erakusten du akordioa adostasun zabalarekin lortu dela, eta hori garrantzitsua da etorkizunean adostutakoa zehazteko eta martxan jartzeko. Bat ez datozen ahots gutxi batzuen presentziak baieztatzen du adostasun hori ez dela lortu guztiak asetzeko edukirik gabeko oinarri etereoen gainean, baizik eta EAEko etorkizuneko hezkuntza-sistema definituko duten zehaztapen argiak dituela.

Edukien artean nabarmentzen da euskalduntzearen aldeko apustuak helburu orokor argi bat dakarrela: ikasle guztiek B2 euskara maila egiaztatzea prestakuntza-ibilbidea amaitzean. Definizio orokor horrek euskara ardatz egituratzaile gisa jartzen du, eta hori aurrerapauso garrantzitsua da EAEko hezkuntza-sistema bateratzeko. Era berean, ikasleen arteko bereizketa saihesteko eta publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomiarekin amaitzeko neurri batzuk jasotzen ditu akordioak. Eta azkenik, oinarriek eskola publikoaren aldeko apustu garbia egiten dute. Esparru orokorraren definizio hori garrantzitsua da gida gisa, baina hezkuntza-sistemaren funtsezko alderdietako bat komunitatea da, eta, hala, atzo onartutakoaren ahalmen eraldatzailea konpromiso ahalmenaren arabera ikusiko da. Arauek eta komunitateak osatzen dute hezkuntza-sistemaren oinarria, baina, beste alderdi asko ere izan behar ditu; batez ere, administrazio publikoaren konpromisoa, baliabide nahikoak emanez, helburuak ezarriz, baina, aldi berean, autonomia sustatuz eta segregazioak eta aurreiritziek hezkuntza-sistema ustel ez dezaten zainduz.

Akordio politiko zabal batek euskal gizarteak dituen erronken mailan jarri du hezkuntza-sistemaren oinarria. Oso urrats positiboa da. Orain erronka zailena gelditzen da: adostutakoa praktikan jartzea eta barruan duen potentzial guztia profitatzea.