GARA
ESKUBALOIA

Korrika eginda derbia eta ia Liga erabaki ditu Bera Berak

Zuazok lehen erdian eutsi bazion ere, donostiarrak nagusi izan ziren gero.

ZEV ZUAZO 20

BERA BERA 31


Datorren larunbata egun historikoa izan daiteke beste behin Super Amara Bera Berarentzat, Bidebietakoek beren zortzigarren Liga irabaz baitezakete, Atletico Guardesi irabazi eta Gijon eta Malaga euren partidak aurrera ateratzeko gai ez badira. 22. jardunaldia, derbiarena, borobila izan zen donostiarrentzat, Zuazori (20-31) irabazteaz gain, Gijonek eta Rocasak euren partidak galduta, Malaga baita orain bigarren.

Lasesarreko markagailuak bestelakorik pentsatzera eraman bagaitzake ere, Bera Berak lana beltz egin behar izan zuen bi puntuak etxeratzeko. Modalitatea edozein dela ere, derbiak beti dira derbi eta Barakaldokoak ere bere topiko guztiei erantzun zien, bai behintzat lehen zatian. Lehia estu eta orokorra jokatu zuten Zuazok eta Bera Berak lehen minutuetan. Defentsak erasoetan oso gainetik izan ziren; gol gutxiko partida izan zen hasiera horretan, eta, bisitariak aurreratu baziren ere, etxekoek ondo eutsi zieten eta atzean batere erraztasunik eman gabe, bi goleko aldearekin, 11-9 joan ziren atsedenaldira.

Aldagelatik bueltan, etxekoak gai izan ziren markagailuari eusteko (15-15), baina 40. minututik aurrera donostiarrak erabat nagusitu ziren, euren ohiko jokoa egiteko gai izan zirenean. Ordura arte gol bakoitza ikaragarri kosta zitzaien, baina bueltan 15 minutuan 16 egin zituzten donostiarrek. Hala, derbia eta Liga bera ere ia bideratuta uztea lortu dute.