Dabid LAZKANOITURBURU

Armada, Txinaren eta AEBen arteko talkan ere garaile

Badago munduan gertatzen den ororen erantzukizuna geopolitikari egozten dion tendentzia, giza eskubide oinarrizkoenak edo aldarrikapen demokratikoenak bere aldarean sakrifikatzeko prest dagoen pentsamoldea, Santiago Alba Rico filosofoak egun hauetan gaitzetsi duen bezala.

Ez dut ukatuko geopolitikak eta geoestrategiak berebiziko pisua dutela, baina egia da ere askotan barne-tirabira politikoen testuinguruan norberaren interesak defendatzeko aitzakia gisa edo erabaki maltzurrenak justifikatzeko mamu gisa erabiltzen direla ditxosozko «geo-» hitzak. Pakistanek bizi duen krisia da adibide.

Parlamentuan zituen babesak galdu ostean, Imran Khan lehen ministroak Pakistango Armadari leporatu dio bere kargugabetzea, Ukrainako gerran AEBen aurrean amore eman ez eta Errusiarengandik aldendu ez delako.

Khan cricketeko jokalari ospetsu ohiak ahazten duena da 2018an boterera iritsi bazen Armadaren beraren babesa zuelako izan zela, militarrek urtebete lehenago Nawaz Xarif lehen ministroari babesa kendu ziotelako eta, ustelkeria zela-eta, auzitegien eskuetan utzi zuelako.

Londresen urrezko erbestean dagoen Nawaz Xarifen anaia, Xehbaz, lehen ministro izendatu du Parlamentuak.

Berak gidatzen duen alderdi musulmanaren eta Benazir Bhutto zenaren semearen alderdiaren babesa du.

Dena den, eta 200 milioi biztanle dituen herrialdearen baitan dauden eskualdeen arteko talka ahaztu gabe (Xarifen dinastiak Punjaben du indarra; Bhuttorenak, Sindhen... Khanek, Islamabaden?), argi daude hiru gauza: Pakistango Armadak, eta bere zerbitzu sekretuak (ISI), jaun eta jabe izaten jarraituko duela; Txinak, Pakistango metropoli berriak, ez dituela bere interesak kolokan ikusten; eta, azkenik, AEBek badutela non jokatu. Guztia, pakistandarren, eta bertan bizi diren beste herrien (paxtunak, balutxak..) kaltetan.