EDITORIALA

Frantziako bozketetan gogoetarako emaitzak

Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliak emaitza nagusi bat utzi du: Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen arteko lehia, hamabost egun barru egingo den bigarren itzulian. Abstentzioa aurreko hauteskundeetan baino handiagoa izan den arren, parte-hartzearen jaitsiera ez da hondamena izan, baina agerian uzten du herritarren politikarekiko interes gero eta txikiagoa Europa osoan sendotzen ari den joera dela.

Bi hautagaien arteko aldea duela bost urte baino handiagoa da, ia bikoitza; orduan 2,71 puntukoa izan zen eta igandean, 4,69koa. Hala ere, testuingurua ez da orduko bera. Eskuin muturrak –Le Penenaz gain, hautagaitza guztiak aintzat hartuta– 2017an baino boto gehiago batu ditu, ia %30. Bestalde, Emmanuel Macronek bere presidentetzan abiarazi dituen politika liberalak, eskuin muturra sendotzeaz gain, oztopo garrantzitsu bihur daitezke erronda erabakigarrian. Dena den, emaitzak ezagutu ahala, ezkerrak posizioa finkatu zuen. Hauteskunde gauean bertan, hirugarren sailkatuak, Frantzia Intsumisoa alderdiko hautagai Jean-Luc Melenchonek, mezu argia utzi zuen: «Boto bakar bat ere ez Marine Le Penentzat». Eta haren atzetik, ezkerreko gainerako hautagaiak. Melenchon izan zitekeen bigarren itzulian Macronekin lehiatzeko ezkerraren hautagaia, baina ezkerreko barneko pertsonalismoek eta borrokek eragotzi egin dute, eta horrek, besteak beste, ia joko-zelaitik kanpo utzi du Frantziako Alderdi Sozialista.

Ipar Euskal Herrian Macronek irabazi du, eta bigarren Melenchon geratu da, euskal agendari batere jaramonik egiten ez dion hautagaia. Ziur aski, eskuin muturra geldiarazteko boto arduratsuari esker izan da. Nolanahi ere, Le Penek eta Zemmourrek boto mordoa lortu dute. Boto horiek eskuin tradizionalak galdu izanak ez du kontsolamendu gisa balio. Emaitzok politika neoliberalek Europako nazio txikietan dituzten ondorio kaltegarriei eta horiei aurre egiteko moduari buruzko hausnarketa zabaltzeko balio behar lukete. Egungo dinamika integratzaileak baino zerbait gehiago behar da eskuin muturra geldiarazteko.