GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

Aukera ederra baina baita oztopo ugari ere

Denboraldiko bolada onenean dagoen Las Palmasen bisita hartuko du gaur Eibarrek.


Zigor bikoitza pairatu zuen Eibarrek Eivissan jasotako porrota dela eta, Almeria eta Valladolid berriro gerturatu baitzaizkio sailkapenean –puntu batera eta bira daude orain–. Bada, gaur bertan kendu dezake arantza (18.30, Movistar+), Las Palmasen aurkako garaipenak sari bikoitza eskainiko liokeelako, bihar armaginen bi aurkari indartsuenek elkarren kontra jokatuko baitute Zorrillan.

Aukera ederra da, baina, oztopoak, zoritxarrez, ugari. Alde batetik, Eibarren beraren azken ibilbidea dago, Eivissaren eta Mirandesen aurkako partidak txarrak izan baitira. Bestetik, Las Palmasen egoera dago, denboraldiko bolada onenean baitator, lau garaipen jarraian lortuta –Valladoliden eta Ponferradan lortutakoak barne–. Bosgarrena ere lortuz gero, play-offeko postuetara itzul daitezke kanariarrak.

Eibarren bajek ere baldintzatu dezakete, azkenik, gaurko partida. Deialditik kanpo geratu direnak nortzuk diren jakin gabe ere, Correaren, Venancioren eta Tejeroren kasuetan ez dago zalantzarik, lehena lesionatuta baitago eta beste biek zigorra bete behar baitute. Hortik aurrera, auskalo. Oraindik ez da argitu zergatik ez zuten Eivissara bidaiatu Arbillak, Chemak, Burgosek, Sielvak eta Yanisek, ez eta oraingoan jokatu ahal izango duten ere. Gaizka Garitanok aurreratu duen bakarra bajak egon egongo direla da. Eta garrantzia ematen diela baina ez dituela aitzakia bezala erabili nahi. «Jokalari guztiak prest izatea gustatuko litzaidake, baina zailtasunak agertzen direnean ere disfrutatzen dut. Zailtasunak daudenean, zure onena eman behar duzu, entrenatzaileak zein jokalariek. Horrelako erronkak gustukoak ditut. Hamaika jokalari zelairatu ahal izango ditut eta horrekin nahikoa da, guztiengan baitut konfiantza osoa», nabarmendu du.

Garitanoren esanetan, bestetik, Las Palmas da Bigarren Mailan «kalitate indibidual eta gaitasun asoziatibo handieneko taldea».