Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
ESKUBALOIA

Bera Bera liga garaikurra laztantzen hasia da

BERA BERA 33

ATL. GUARDES 24


&zeroWidthSpace;Jokatzeke zortzi puntu daudela bigarren sailkatuari zazpi puntuko aldea ateratzea, liga garaikurra besarkatzen hasteko modukoa da. Bera Berak ezin izango du ospatu gutxienez hiru aste barru arte, ligak bi asteko geldialdia izango baitu –selekzioen partidak eta Illunben jokatuko den Kopa tarteko–, baina atzo Atletico Guardes garaitu zuten modua bada ospatzeko nahikoa aitzakia.  

Markagailua 5-5 zela, 6-0ko partziala lortu zuen Imanol Alvarezen taldeak eta hor bukatu zen partida, lehen zati bukaeraraino distantzia mantentzea lortu baitzuen Pradesen desesperaziorako. Ermuarrak bideratuta ikusi zuen partida –edo itxura hori eman zuen– eta talde zabala izatea baliatu zuen aldaketak egiteko. Hiru talde estilo kantxaratu eta guztiekin mantendu zuen erregulartasuna.

Erregulartasun hori betiere defentsatik eraikiz, bai atezainen geldiketekin –Silvak txalo zaparrada ugari eraman zituen eta Aallak penalti bat gelditu zuen–, baina baita arerioaren erasoak zapuztuz ere. Bigarren zatian Santiago izan zen buruko min gehien eman zituena, baina bere gol bakoitzean Bera Berak golarekin erantzun zuen, eta horrek hamar goleko aldea lortzea ekarri zion, defentsan ere indartsu jarraitu zutelako etxekoek.