Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Dave MacLeodek E11 mailako trilogia handia poltsikoratu du

Eskalatzaile eskoziarrak «Lexicon» bidearen bigarren errepikapena sinatu berri du. Zailtasun teknikoari dagokionez, 8c/+ da, bainamuturreko arriskua du; besteak beste, 25 metroko balizko erorikoa. MacLeod eskoziarra E11 mailako hiru bide egin dituen bakarra da.

Erresuma Batuan hain errotuta dagoen eskalada tradizionalak mugarri berri bat ezagutu berri du muturreko zailtasunean. Dave MacLeod izan da protagonista. Eskalatzaile eskoziarrak Pavey Arken dagoen (Lake District, Ingalaterra) “Lexicon” bidearen bigarren errepikapena sinatu du. E11 7a maila du. Zailtasun teknikoei dagokienez, frantziar eskalan, 8c/+ da. Baina hori baino askoz ere garrantzitsuagoa arriskuaren maila da: E11. “Lexicon”-ek 25 metroko balizko erorikoa duela aurreratzearekin nahikoa da. Jakina denez, gainera, eroriko hori ez du parabolt batek geldituko (debekatuta daude), baizik eta artesietan eta zuloetan jartzen den ohiko tresneriak.

“Lexicon”, berez, Neil Gresham eskalatzailearen sorlana da; hau da, Gresham izan zen bideari puntu gorria jarri ziona. Lehen errepikapena Steve McClure eskalatzailearen eskutik heldu zen, eta, aurreratu dugun bezala, bigarrena MacLeod berarena izan da. Gainera, bide horrekin eskoziarrak trilogia handi bat biribildu du. Izan ere, E11 mailako hiru bide igo dituen lehen eskalatzailea bihurtu da. MacLeodek berak sortutako eta kateatutako “Rhapsody” (graduazio horretan munduko lehena) eta “Echo Wall” dira beste biak. Hirurak ala hirurak, britainiar trad estiloko muturreko biderik esanguratsuenak.

Iazko udazkenean jarri zen martxan 43 urteko eskalatzaile eskoziarra. Hainbat eta hainbat ekinaldi egin eta gero, martxoaren amaieran, sokaburu egin zuen lehen saioan, “Lexicon” patrikan sartu zuen: «Ingalaterrako zein Galesko bide tradizional gogor guztiak ez ditut egin, baina batzuk-batzuk gainditzeko gai izan naiz. Eta ez dut zalantzarik honakoa baieztatzeko: ‘Lexicon’ da guztietan zailena. Nire uste apalean, Neilek lortu zuen lehendabiziko igoera aparta izan zen. Zailtasun teknikoei begiratzen badiegu, argi dut eskalatzaile askok mugimendu horiek menderatu ditzaketela. Baina argi dut ere izaera horretako bide bat sokaburu gisa igotzeko gai, momentuz, oso eskalatzaile gutxi daudela».

MacLeodek “Lexicon” bidean izan duen prozesuari dagokionez, esan behar dugu Gresham-ek lehendabiziko igoera egin eta gero bizitako esperientziaren inguruan idatzitako artikulu batek motibatu zuela eskoziarra: «Neilen lerroak irakurri eta neure buruari zera esan nion: ‘datorren astean bertan bidearen goialdera igo eta top rope estiloan probatuko dut’. Neilen artikuluak asko inspiratu ninduen. Onartu behar dut ere, bidearen estiloa oso egokia dela niretzat. Han bertan dagoen ‘Impact Day’, duela 15 urte eskalatu nuena. Soilik arroka hori ederra baino ederragoa dela nuen gogoan. ‘Lexicon’ ondoan dagoenez, eskalada erakargarria aurreikusten nuen. Alabaina, banekien muturreko arriskua duela. Eroriko baten ondorioz, agian, ez zara hilko, baina hobe da tentuz ibiltzea».

Aurreratu dugun bezala, iazko udazkenean Pavey Arkera abiatu zen “Lexicon” lehen aldiz probatzera. Hain zuzen ere, bidaia horretan egoera bitxia bizi izan zuen. Bide horretan Gresham filmatzen ari zirela azaldu zen McClure: «Steve eta biok bidea elkarrekin probatzen hasi ginen. Oso dibertigarria izan zen. Gainera, Neil eskalatzen ikusi genuen; bikain igotzen ikusi ere! Baina ekinaldi horretan, bidearen giltza hasi aurretik, oin batek irrist egin zion eta eroriko handia izan zuen. Zorionez, ez zuen zorua ukitu. Une izugarria izan zen. Ez dakit eroriko horrek nire konfiantzan eragina izan ote zuen!»

Urrian zehar, MacLeodek ekinaldiak egiten jarraitu zuen. Eguraldiarekin ez zuen zorterik izan, eta, leiho txiki onak iristen zirenean, bidea erabat heze aurkitzen zuen. Aitzitik, top-rope estiloan mugimendu eta sekuentzia guztiak lotu zituen. Estilo horretan bidea hainbat aldiz “kateatu” ondoren, lerrootako protagonista pronto zegoen “Lexicon” bidean behetik hasita sokaburu gisa saio bat egiteko. Baina eguraldiak ez zion lagundu eta behin betiko ekinaldia udaberrira atzeratzea erabaki zuen.

Arrakasta, martxoan

Joan den martxoaren amaieran, eskoziarra berriro “Lexicon”-era itzuli zen. Oraindik zalantza ugari zituen; izan ere, zailtasun handiak eta muturreko arriskua dituen marra horretan arrakasta izateko hainbat eitek egin behar dute bat. Adibidez, baldintza oso egokiak aurkitzea.

Behin betiko ekinaldia egin zuenean, egun freskoa eta haizetsua zena, bero gehiegiko eguna izatera igaro zen. Ondorioz, arroka bero-bero zegoen: «Arrokak dituen kristalek azalean kosk egitea lortu behar da. Horrez gain, azalak ez du akatsik izan behar. Bidea oso teknikoa denez, gainera, orekak berebiziko garrantzia du. Hori guztia esan eta gero, sokaburu egiten den ekinaldian zalantzak sortzen dira beti: saio atzeratu ala ez, mamu hori beti agertzen da... Marran sartu baino lehen beroketa ariketa batzuk egin nituen. Ez nengoen batere ziur. Haizea altxatu zen, eta horrek egoera okertu zuen. Halere, nire asmoarekin aurrera jarraitzea erabaki nuen. Lehendabiziko metroak eskalatu, seguru batzuk sartu... eta, bat-batean, neure buruari galdetu nion ea zer demontre egiten ari nintzen jardun horretan. Gainera, balizko eroriko baten mamuak gero eta indar handiagoa zuen nire buruan. Mugimendu bat egin eta erortzeko zorian egon nintzen. Ez nituen nire oinak sentitzen, gorputza ez nuen batere prest sentitzen, baina segundo batean egoera irauli eta indartsu zein emozionatuta sentitu nintzen. Heldulekuak indar handiarekin hartu nituen, baina ez nintzen hustu. Aurrera jarraitu eta ‘Lexicon’ erorikorik gabe igotzea erdietsi nuen».

Era horretan, MacLeod “Lexicon” eskalatu eta E11 mailako trilogia batekin egin da. Hori egiten, gainera, lehen eskalatzailea bihurtu da. Azpimarratzekoa da, beraz, muturreko arriskua duten hiru bide horiek egitea. “Lexicon”-en arrakasta izan eta gero, eskalatzaile eskoziarrak adierazi du sei hilabeteko proiektu horren inguruan azalpenak ematea zaila egiten zaiola: «Zama handia da, eta badakizu une oro buruan izango duzula. Ez dut uste ‘presioa’ denik hori guztia azaltzeko hitzik egokiena. Prozesu horretan denetarik bizi izan dut. Une batzuetan oso beldurtuta nengoen, eta, aldiz, beste batzuetan, erabat motibatuta».

Amaitzeko, MacLeodek nabarmendu nahi izan du martxoaren amaieran sinatu zuen bideak kutsu berezia duela. Greshamek “Lexicon”-en egin zuen lanarekin erabat txundituta omen dago, eta, arestian aipatu duen bezala, asko inspiratu du: «Arrokaren kalitatea zein mugimendu ia gehienak ederrak dira oso. Zailtasunari dagokionez, orain arte egin dudan bide gogorrena da. Nik egin ditudan E11 mailako beste bi marrak ere oso-oso zailak dira, baina azken honek plus bat du. Asko eskatu dit, eta esan behar dut nortasun hori duten bideak ezin direla maiz eskalatu. Muturreko arriskua du, min handia har dezakezu, 25 metroko eroriko horrek hilko ez zaituen arren. Uste dut Neil, Steve eta hiruron ondoren, eskalatzaile gehiago ausartuko direla ’Lexicon’ probatzera. Ziur nago. Baina nire iritzi apalean, gutxik lortuko dute arrakasta».