Andoni ARABAOLAZA
YOSEMITE

Sam Strohk historia egin duKapitaineko hormatzarrean

Joan den udazkenean, 20 urterekin, estatubatuarra murru ezaguna egunean eta era askean igotzen eskalatzaile gazteena bihurtu zen.

Yosemiten dagoen Kapitaineko horma luzean urrezko pasarteak idatzi dira. Oraindik ere asko idazteke daude, baina bada bat ia oharkabean igaro dena. Berri historikoa izan da, joan den udazkenean sinatutakoa, baina ingurumari honetan ez du oihartzunik izan.

Iazko urriaren 14an, Sam Stroh estatubatuarrak “Freeride” bidea (7c, 30 luze) egunean eta era askean eskalatu zuen. Bide klasiko hori estilo horretan gainditzea ez da ia notizia, baina Strohk eskalatu zuenean soilik 20 urte zituen, eta “Freeride”-k ia 19 orduko jarduna eskatu zion. Horri esker, Kapitaineko marra bat egunean eta librean eskalatu duen eskalatzaile gazteena bihurtu da. Horregatik genion estatubatuarrak historia egin duela.

Goi mailako eskalada bat egiten oso goiztiarra izan da eskalatzaile estatubatuarra. Gainera, kontuan hartu behar da eskaladaren munduan soilik lau urte zeramatzala balentria lortu zuenean. Argi dago eskaladak eskatzen duen guztia bikain barneratu duela.

Houstonera (Texas, AEB) bizitzera joan zenean, Strohren gurasoek eskalada gidari bat kontratatu zuten egun bateko jardun baterako. Egun hori benetan berezia izan zen estatubatuarrarentzat: «Erabat ikaratuta nengoen; zeru-goietan ibiltzea ez nuen batere gustuko. Lehen bidean bizi izan nuena izugarria izan zen benetan. Metro batzuk igo eta handik jaisteko eskatu nuen. Hurrengo irteerak, baina, ezberdinak izan ziren oso. Patinaje lehietan hartu dut parte, eta, jasotako kolpeengatik, agian, beldur hori baztertzeko balio izan zidan. Sokaburu eskalatzen hasi nintzenean, askoz erosoago sentitu nintzen. Balizko erorikoak hor zeuden, eta segituan egoera horiek kudeatzen hasi nintzen. Neure buruak klik egin zuen, eta horri esker asko hobetu nuen. Baten batek galdetu dit patinajeak ez ote didan lagundu eskaladan neure burua indartzeko. Nik erantzun diet bi kirol ezberdin direla. Batean, kolpeak hartzen dituzu; bestean, berriz, sustoak».

Hastapen horiek gainditu eta lagun batzuekin Taos hiriko rokodromo batean entrenatzen hasi zen. Unibertsitateko ikasketak ez zituen alde batera utzi, baina pandemia lehertu eta etxera itzuli behar izan zuen.

Ikasketekin oso motibatua ez zegoenez, eskalada bidaia batean murgildu zen. Bikotekidearekin makina bat alderdi bisitatu zituen: Ten Sleep, Indian Creek, Zion... Hain zuzen, bisita horiek eraman zuten “Freeride”-n arrakasta izatera. Eta hori diogu Indian Creek-en esperientzia handia pilatu zuelako eskalada bakoitzean ohiko tresneriarekin bere burua babesteko orduan.

Bide haietan egin zituen lehen urratsak ez ziren oso onak izan. Adibidez, 6a mailako artesi bat sokaburu eskalatzen ari zela, ez zen gai izan tresneria ondo kokatzeko eta eroriko larria izan zuen. Baina gaitasun handia zuenez, teknika hori menderatu eta beste artesi gogor batzuk poltsikoratu zituen. Zionen, adibidez, “Moonlight Butress” (7b+, 10 luze) klasikoa kateatu zuen.

Bestalde, aurreratu behar dugu 19 urterekin inflexio-puntu bat izan zuela: «Adrian Vanoni ezagutu nuen. Uste dut biok ala biok gauza bera sentitu genuela: gure arteko lotura sendotu egin zen. Nire adina zuen Adrianek, eta, horrez gain, helburu berdinak. Marra gogorrak eta arriskutsuak eskalatu genituen, eta, denboraren poderioz, gure erronkak gero eta zailagoak bihurtu ziren. Yosemitera joan ginenean, biok adostu genuen gure hurrengo xedea ‘Freeride’ izango zela».

Oso motibatua

Alabaina, bi gazteok bazekiten murru luzeetan jardutea beste kontu bat dela. Logistika eta estrategia ez zituzten oraindik menderatzen, eta erabaki zuten “ikasketok” eskalatzen ari ziren bitartean jarriko zituztela indarrean: «Gure lehen eskarmentua zen Yosemiten. Bidearen oinarrira eramaten duen zelaian eskalatzaile beterano batzuk ezagutu genituen eta honakoa esan ziguten soilik: ‘Zorte on’. Gogoan dut lehen orduak epikoak izan zirela. Gure petateak Heart Ledge bibakera igotzeko hamar ordu behar izan genituen! Eskalada ez zen batere samurra izan: egokiak ez ziren bibakak, euria, garraio arazoak... Halere, ezusteko ederra izan nuen: bide ia osoa librean eskalatu nuen. Bosgarren eskalada egunean gailurrean ginen. Haranera jaitsi eta biok hausnarketa bera egin genuen: gure hurrengo eskalada askoz eraginkorragoa izango zen».

Eta, zalantzarik gabe, ez ziren okertu. Iazko urrian Stroh berriro itzuli zen Yosemitera. Esku artean ez zuen helburu zehatzik. Gainera, bere kidea ez zuen alboan oraingoan. “Freeride” egunean eta era askean eskalatzeko erronka forma hartzen hasi zen. Bide horren lehen hamar luzeak berriro igo zituen, eta gazte honek onartu du prest zegoela ekinaldi on bat egiteko: «Graham Webb-ek esan zidan eskalada horretan aseguratuko ninduela. Igoera osoa ondo zehaztu behar nuen, eta banekien ‘Freeride’ 24 ordu baino gutxiagoan eskalatu ahal izateko, eroriko gutxi izan behar nituela. Luze zail guztiak kontrolpean izateko asmoz, marraren goialdetik rappelatu eta probatu egin nituen».

Lan horiek guztiak bukatu, atseden pixka bat hartu eta urriaren 13an behin betiko saioari ekin zion: «Egun hotza egokitu zitzaidan. Horri esker, lehen luzeak erritmo oso onean eskalatu nituen. Adibidez, Monster izeneko offwitdth-a oso azkar kateatu nuen. Pozarren nengoen egiten ari nintzen lanarekin, baina, era berean, onartu behar dut nekea ere azaldu zela. Baina ez nuen etsi eta hainbat luze gogor gainditzeko gai izan nintzen. Nahiz eta batean galduta ibili, bide egokia berreskuratu eta arratsaldeko ia zazpiak zirenean ‘Freeride’ amaitu nuen».

Era horretara amaitu zen gazte estatubatuarrak “Freeride”-n eginiko lan bikaina. Bitxia da, baina igoera historikoa egin zuen. Eta bitxia diogu, 20 urterekin egin duelako. Istorio bitxia ere kontatu digu; izan ere, eskalatzen hasi eta lau urte eskasera izan da gai eskalada hori egiteko. Strohk berak harrituta berretsi du aipatutako guztia: «Oso harro naiz lortutakoarekin. Harrituta ere bai. ‘Freeride’-ra iritsi nintzenean, igoera lortzeko itxaropen handirik ez nuen. Ez dakit nola baina proiektu handi hori lortu dut».

Webb eta Strohk elkarrekin ospatu zuten lorpena. Haatik, “Freeride”-n arrakasta izan duen eskalatzaileak beste urrats bat egin nahi izan zuen. Eta horretan ere, arrakasta lortu zuen. Sokakidez aldatu, Vanonirekin soka gerrira lotu eta Kapitaineko “Golden Gate” bidea (8b, 900 m) era askean igo zuen. «Vanoni eta biok oso emozionatuta gaude, eta xede berriak aztertzen ari gara. Kapitainen urrezko pasarteak idatzi dituzten eskalatzaile handiek inspiratzen gaituzte: Brad Gobright, Will Stanhope, Mason Earle, Tommy Cadwell, Alex Honnold...».