Asier AIESTARAN
PILOTA

Txipa aldatzeko arazorik ez

Prestatzeko denbora askorik izan ez arren, Unai Lasok maila bikaina emanda menderatu du Peña II.a Lekeition. Artola, Rezusta eta Jaka edo Irribarria izango ditu aurkari final-laurdenetako ligaxkan.

LASO 22

PEÑA II.A 13


Unai Laso Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkan izango da, atzo Lekeition Jon Ander Peñari 22-13 irabazi ondoren. Bizkarreta-Gerendiaineko aurrelariak pronostikoak bete zituen final-zortzirenetako kanporaketan eta datorren astean Artolaren aurka ekingo dio ligaxka multzoari. Rezustak eta Jaka edo Irribarriak osatuko dute multzoa.

Unai Laso faborito argia zen Lekeition irabazteko, baina Buruz Burukoa prestatzeko Jon Ander Peñak baino denbora gutxiago eduki izanak zalantza batzuk sortzen zituen. Bada, aurrelari nafarrak hasieratik uxatu zituen zalantza horiek eta neurketa bikaina jokatu zuen Santi Brouard pilotalekuan.

Partida hasiera bizia izan zen, eta Peñak ere jokatzeko zegoela erakutsi zuen 1-2 aurreratzeko bi tanto eder eginez: aurrenekoa pilota hormara ongi arrimatuz eta bigarrena horma-biko bikain batekin. Baina Buruz Burukoan horren garrantzitsua den lehen takada Lasok lortu zuen. Nafarrak joko ikusgarria erakutsi zuen zortzi tanto segidan egin eta 9-2 aurreratzeko.

Sakearekin sekulako minik egin ez arren, Peña deseroso sentiaraztea lortu zuen, botera zein sotamanoz pilota ongi atzeratu zuen, eta aurrean aukera izan zuen ia bakoitzean errematean asmatu egin zuen. Guztira 16 tanto izan zituen jokoan eginak, eta beste bi sakez. Zenbaki apartak txapela janzteko faboritoen artean sartu beharra dagoen pilotariarentzat.

Jon Ander Peña, aldiz, aurkariaren jokoa moztu ezinda ibili zen. Lehen takada horretan atsedena eskatu zuen 7-2koaren ostean, baina Aitor Aranguren botileroak emandako gomendioak ez ziren nahikoa izan egoera aldatzeko. Aukerako pilotaren bat izan zuenean ere ez zuen batere asmatu, eta horrek konfiantza galtzen joatea eragin zion. Lehen zati horretan, deigarria izan zen Unai Laso behin baino gehiagotan epaileari Peñaren atxikiak eskatzen ikustea.

Markagailua horren zail jarri ostean, ezinbestekoa zen tolosarrarentzat sakea berreskuratutakoan takadaren bat sinatzea, baina hori ere ezin izan zuen lortu. Sakea da Peñaren arma nagusienetako bat, baina atzo ez zion zuku handirik atera, hein handi batean Lasok errestoan erakutsi zuen mailaren erruz.

Hala ere, gipuzkoarra ez zen erabat irten partidatik eta saiatu zen markagailua estutzen. Gantxo on batekin 14-7 hurbildu zen neurketaren erdialdean adibidez, baina Lasoren erantzuna berehalakoa izan zen eta Peñak ez zuen inoiz lortu aurkariaren garaipena benetan arriskuan ipintzea. Atzean bikain gurutzatutako pilotakada batekin egin zuen Lasok azken 22-13koa, bere lehen helburua lortu eta ligaxkara sailkatuz.

«Pozik nago garaipenarekin, baina ez naiz eroso sentitu. Denbora asko zen buruz buru jokatu gabe eta kosta egin zait jartzea. Baina eskuinarekin ongi gozatu dut, eta hori oso garrantzitsua da jokamolde honetan, eta Peñaren eskuina bilatzen ere asmatu dut, bere puntu ahula. Orain ligaxkan hiru partida polit eta gogor datoz, ea maila ona ematen dudan», adierazi zuen.

Ezkurdia eta Agirre, nor baino nor Aritzbatalden

Gaur Joseba Ezkurdia eta Asier Agirreren txanda izango da. Bi nafarrek Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko dute elkarren aurka, eta irabazlea Altuna III.a, Dario eta Zabaletaren multzora sailkatuko da. Zehazki, ligaxkako lehen jardunaldian Jose Javier Zabaletaren aurka jokatu beharko du hurrengo larunbatean Labriten. Joseba Ezkurdia irtengo da faborito. Arbizuarra egungo izar nagusietako bat da, baina Binakakoan nahiz Lau eta Erdian bina txapel irabaziak dituen bitartean, Buruz Burukoan ez da inoiz finalera heldu –finalerdietan ere behin bakarrik sartu da–. Asier Agirreren kasua ere berezia da. Lau eta Erdian Promozioko txapeldun izana den arren, Buruz Burukoan ez du inoiz halakorik lortu eta lehen mailan 2020an final-laurdenetara heldu izana da bere lorpen nagusia.A.A.