GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Bells Beach 2022: Wright eta Toledo nagusi

WSL itzuliko laugarren txapelketa amaitu berri da Bells Beachen. Tyler Wright-ek eta Filipe Toledok irabazi dute ezkila mitikoa. Lehen mailako itzuliakAustralian jarraitzen du. Datozen egunetan Margaret River-en izango dira WCTeta CT itzuliko lehiakideak; horren ostean, lehiakideen kopurua murriztuko da.


Apirilaren 17an amaitu zen WSL itzuliko laugarren txapelketa Bells Beach-en. Tyler Wright australiarrak eta Filipe Toledo brasildarrak irabazi zuten ezkila mitikoa eta horri esker ranking orokorrean gora egin dute. Azken egunean itsasoak behera egin zuen eta, olatuak garbiak izan arren, lehen aldiz “Rincon” deitzen duten urautsira lekualdatu behar izan zuten lehiaketa gunea, ez baitzen Bells Beacheko urautsian aritzeko gutxieneko itsaskirik.

Lehen mailako WSL itzuliak Australian jarraitzen du eta datozen egunetan WCT eta CT itzuliko bosgarren txapelketa burutuko da Margaret Riverren. Txapelketa garrantzitsua izango da Australia mendebaldean egingo dutena; izan ere, txapelketa horren ostean lehen mailan jarraitu ahal izango duen lehiakideen kopurua ia erdira jaitsiko da.

Olatu txikiak, baina maila altua

Oso gutxitan izan dira arazoak Bells Beachen txapelketa bat egiteko. Itsaski sendoak jasotzen dituen kostaldea da Australiako hego-ekialdekoa. Horren erakusle da Bells Beacheko urautsia. Olatu handi eta luzeak eskaintzen dituen badian txapelketa gogoangarriak egin izan dira eta australiar surflarientzat zein mundu osoko surflarientzat xarma berezia duen lekua da Bells Beach.

Aurtengoan, ordea, itsasoak ez zituen ohiko itsaskiak eskaini eta azken txandetan badiaren bazterrera lekualdatu behar izan zuten txapelketa. Goizean olatuak handiagoak ziren eta nesken txandak ohiko urautsian egin ahal izan zituzten olatu ederrekin, baina mutilen finalerdietarako olatuen tamaina asko txikitu zen eta labarren ondoan altxatzen den “Rincon” urautsira lekualdatu behar izan zuten lehiaketa.

Nesken finalean bi beterano izan ziren buruz buru lehian, Tyler Wright australiarra eta Carissa Moore hawaiiarra. Azken honek lau bider Bells Beacheko ezkila irabazi dutenen zerrendara batu nahi zuen, Stephanie Gilmore, Mick Fanning, Kelly Slater eta Marck Richardsekin batera, baina «etxean» ari zen aurkariak ametsa zapuztu zion bost bider munduko txapeldun izandakoari.

Ez zen lehen aldia Moore eta Wright Bells Beacheko finalean lehiatzen zirena; aurrez beste hiru bider izan ziren finalean buruz buru, baina oraingo honetan australiarra gailendu zen lehen aldia izan zen.

Horrela azaldu zuen garaipenak beretzat zer suposatzen zuen Wrightek: «Bi bider irabazi dut WSL munduko titulua, baina iruditzen zait garaipen honek ere garrantzi bera duela, zeren urte luzez izan naiz hemen lehiatzen, 12 urte eskailera horiek jaisten, eta orain lortu dut; ni babestera etorri diren familiako kideen aitzinean, gainera. Oso hunkitua nago, benetan; egiaz irabazi nahi nuen txapelketa bakarra da».

Garaipen garrantzitsua izan zen Toledorentzat ere. Bells Beacheko txapelketa azken aldiz egin zenean, 2019an, finalera iritsi zen brasildarra, baina John John Florence hawaiiarrak eskuratu zuen garaipena orduko hartan. Aurten, ordea, Toledok garaitu zuen Florence final-laurdenetan eta, horren ostean, txapela irabazteko bidea erabat ireki zitzaiola sentitu zuen. «Florence kaleratu ostean konfiantza berreskuratu nuen», aitortu zuen brasildarrak.

Inoiz WSL titulu mundiala eskuratu ez duen arren, azken urteetan punta-puntan ibili da Toledo eta lehiakide beteranoen artean koka daiteke. Finalean, ordea, aurten lehen aldiz CT itzulian dagoen lehiakide bat izan zuen aurkari brasildarrak; Callum Robson australiar gaztea, hain zuzen ere.

Robson bikain aritu zen txapelketa osoan. Berak kaleratu zuen gonbidapen wildcard batekin parte hartu zuen Mick Fanning kondairazko surflaria, baina finalean ezin izan zuen Filipe Toledoren puntuazioa gainditu. Hala ere, Bells Beachen lortutako emaitzari esker seigarren postura igo da Robson CT rankingean.

Inbutua estutzen

Gauzak horrela, egun Filipe Toledo eta Carissa Moore dira lehenak CT eta WCT rankingetan eta bigarren postuan, ostera, Kanoa Igarashi eta Tyler Wright daude. Lehiakide ororen lehen helburua irailean Trestlesen egingo den Final Handian parte hartu ahal izateko rankingeko lehen bost postuetan egotea da, baina aurrez beste kaleratze bat izango da.

Apirilaren 24an Margaret Riverren hasiko den WSL itzuliko bosgarren txapelketaren ostean, soilik mutilen CT rankingeko lehen 22 lehiakideek eta nesken WCT rankingeko lehen 10 surflariek jarraitu ahal izango dute lehen mailan lehiatzen.