Surflari ernegatua

Leku egokian egon

Ordu laurden bat zain egon ostean, gainean lehertu zait uhin lerroa. Olatua leku egokian hartzeko egon beharko nukeen eremu laburretik oso metro gutxira nago; beraz, olatuen astinduak pasa ostean, berehala jarraitu diot apar zuriak utzitako arrastoari, desagertu aitzin helmugara iristeko. “Orain bai, egon behar diaten lekuan natxiok”, pentsatu dut.

Hurrengo uhin lerroa iritsi artean lekutik mugitu gabe mantentzea, ordea, erresistentzia lan nekeza izan daiteke. Hainbat faktorek olatua iristen denerako leku hoberenean egotea ekidin dezakete; haizeak edo korronteak kasu. Horregatik, lehenik erreferentziak hartu behar dira. Adibidez, lehorrera begiratu eta elektrizitate poste bati so egin diot, atzealdean duen etxe bateko leiho gorriaren parean dago. Begiradaz lerratu ditut postea eta leihoa eta irudia memorizatu dut. «Ez naiz hemendik mugituko».

Zeruertzera begiratzeari utzi eta lantzean behin kanpoaldera begiratzen dut. Hartutako erreferentziari esker ohartzen naiz itsasoak mugiarazi nauela eta berriz ere erreferentzien laguntzaz eremu egokira itzultzen naiz. Artean, gerta daiteke itsasoak espero ez dugun olatu bat oparitzea. Ziur aski, leku egokia uztera behartuko gaitu eta horrek bere arriskuak ditu. Bi aukera daude, edo ez gara lekuz mugitzen, hurrengo uhin lerroa iristen denean leku egokian gaudela ziurtatzeko, edo olatua hartzen saiatzen gara, eta horretarako lekuz mugitzen gara.

Olatua hartzen saiatzen bagara, opari eder bat izan dezakegu, baldin eta dena ongi ateratzen bada, baina gerta daiteke ere olatua ez hartzea, edo olatua hartu ostean erortzea. Aukera txarrena olatua hartzen saiatu eta ez lortzea da; batetik, eremu egokia utzi dugunez itzuleran uhin lerro batek lekuz kanpo antzemateko arriskua dugulako, eta beraz, berriz ere olatu hoberena hartzeko aukera galduko genuke.

Hala ere, arriskatu behar da, joko zelaian egon behar da, itsasoak eman dizun “oparia” ezin baita pasatzen utzi. Erortzen bagara ere, ez gara damutuko saiatu izanaz, zeren izorratu arren, gutxienez olatuan izan baikara. Finean, olatu errazenarekin ere gerta daiteke azken unean erortzea.

Surflariak etengabe hartu behar ditu erabakiak, parean suertatzen zaizkion aukeren artean. Helburu batzuk finkatu eta horiek lortzeko bide estrategikoa eta urrats taktikoak pentsatuko ditu, baina bidean, etengabe egokitu beharko da. Agian, horregatik maite nuen garai batean politika, bidean suertatzen diren aukerak baliatzeko artea bezala ikusten nuelako. Orain, ordea, olatu gehiegi ikusten ditut pasatzen, bakar-bakarrik, inork arraun egin gabe. Agian joko-arauak aldatu dira, edo agian estrategia egokiagoa da olatu hoberenaren zain leku egokian mantentzea. Erortzeko arriskua beti dago, baina horretan gehiegi pentsatuz gero erortzeko aukera ere handiagoa da. Nekez alda dezaket munduari begiratzeko dudan surflariaren ikuspegia. Parean altxatzen den olatua opari bat da eta hartu behar da, itsasoan, bizitzaren bidaian eta, batez ere, politikan. Horretarako gaitasunik ez badugu, soberan gaude...