Asier AIESTARAN
PILOTA

Sakearekin asmatzea nahikoa izan du Ezkurdiak

Agirrek 8-6 estutu du hasieran arbizuarra, baina lehen jokaldiarekin min eginez 20-6ra joan da zuzenean.

EZKURDIA 22

AGIRRE 7


Joseba Ezkurdiak 22-7 menderatu zuen Asier Agirre atzo Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan eta Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenak jokatzeko txartela eskuratu zuen. Arbizuko aurrelariak ez zuen arazo handirik izan pronostikoak betetzeko, eta bera izango da ligaxkan Altuna, Zabaleta eta Darioren multzoa osatuko duena.

Faborito argia zen Ezkurdia katedrarentzat, eta arbizuarrak ez zuen hutsik egin. Hori bai, neurketaren lehen zatia azken emaitzak dioena baino askoz parekatuagoa izan zen, eta 8-6kora arte Asier Agirre partidan sartuta egon zen.

Markagailuan 5-0 aurreratu zen arren, hasierako tantoetan Ezkurdia ez zen eroso aritu. Txapelketako lehen norgehiagoka hauetan faboritoari askotan gertatzen zaion bezala, nahiko lotuta irten zen kantxara, pilota atzera luzatzeko arazo dezenterekin eta sakearekin gehiegi asmatu gabe.

Asier Agirrek, aldiz, ideiak oso argi izan zituen hasieratik eta tantoa aurrean ahal bezain laster bihurritzen saiatu zen. Ezker airez egindako bi tanto ederrekin 8-6 inguratu zen markagailuan, Ezkurdiari urduritasun apur bat sortuz.

Baina ordura arte ez bezala, 9-6koa pilota oso ongi atzeratuz egin zuen Ezkurdiak eta hortxe hasi zen neurketa apurtu zuen 11-0eko partziala. Arbizuarra zuzenean 20-6kora joanda, Agirreren aukerak zapuztu zituen.

Takada horretan gakoetako bat sakea izan zen. Lehen zatian ez bezala, bigarren erdian Ezkurdiak min handia egin zion Agirreri lehen pilotakadarekin: zuzenean eginak sei tanto izan zituen eta beste askotan aukera-aukerako pilota geratu zitzaion nahi zuena egiteko.

Agirrek izan zituen aukeratxo apurretan, gainera, ez zuen batere asmatu eta bere buruarekin haserre amaitu zuen iruindarrak. Ezkurdiak sakez egindako 22-7koak ez zuen utzi zalantzarako tarte handirik, 281 pilotakadako eta 39 minutuko deman.

«Hasieran tenso atera naiz. Saketik ez nion minik egiten eta hankaz ere ez nintzen ongi sentitzen. Baina markagailuan aurretik jarri naiz eta horrek lagundu dit apur bat lasaitzen. Hauspoz ere ongi aurkitu naiz eta horrek ere konfiantza eman dit. Bigarren erdian saketik gehiago asmatu dut eta lasaiago jokatu ahal izan dut, beste ganora batekin», aztertu zuen Joseba Ezkurdiak neurketa.

Asier Agirrek, aldiz, «amorrua» aipatu zuen amaieran. «Ez naiz gaizki ikusi. Badakit Josebak nik baino gatz handiagoa ematen diola pilotari, baina piloteoan nahiko ongi ikusi naiz. Baina opari batzuk egin dizkiot eta Josebak duen mailarekin hori ordaindu egiten da», adierazi zuen iruindarrak, aurkariak erakutsi zuen jokoa nabarmenduz.

Joseba Ezkurdiak Jose Javier Zabaletaren aurka ekingo dio final-laurdenetako ligaxkari, datorren larunbatean Labriten. Arbizuarrari Buruz Buruko txapela falta zaio baina, atzo aipatu zuenez, ez dio horri buelta askorik ematen.

Bi txapeldun, nor baino nor Eibarren

Final-zortzirenetako kanporaketak gaur amaituko dira Eibarren, asteburu berezi honetako partida erakargarrienarekin. Erik Jaka, 2020ko txapelduna, eta Iker Irribarria, 2016 eta 2019koa, nor baino nor neurtuko dira Astelenan, ligaxkan sartzeko azken txartelaren bila.

Azken urteetan ibilbide gorabeheratsuak izan dituzte bi aurrelari gipuzkoarrek. Erik Jakak 2020an goia jo zuen Buruz Buruko txapela irabazita. Ondoren, Baikora jauzi egitea erabaki zuen eta handik gutxira bihotzeko arazo baten erruz iazko Buruz Burukoa jokatu ezinda gelditu zen. Iker Irribarriak ere belauneko lesio larria izan zuen iaz eta ez zuen lehiaketa hau jokatu.

Biak behe-behetik hastera behartuta daude aurten eta galtzen duenak kolpe gogorra jasoko du ziur. Binakako Txapelketan sasoi ona erakutsi dute biek, prestatzeko denbora ere izan dute eta goi mailako norgehiagoka ikusteko osagai guztiak izango ditu gaurkoak.A.A.