EDITORIALA
EDITORIALA

Eragozpen bat gutxiago, tregoa eta betiko trabak

Bi urteko pandemiaren ondoren eta txertoek zabaldu duten perspektibari esker, Gobernu espainolak barrualdeetan maskararen erabilera arintzea erabaki du. Enpresek egoera berria nola kudeatu erabaki beharko dute orain. Halere, maskara derrigorrezkoa izango da garraio publikoan, osasun-zentroetan, egoitzetan eta farmazietan. Seguru asko, pandemiaren aurretik ere garai jakin batzuetan –gripe garaian, adibidez– leku publiko horietan osasun-osagarri hori erabiltzea komeni zen. Etorkizunari begira, koronabirusaz harago, giza izaeraz zerbait ikasiko genuela sinistu beharko dugu. Hobea izatea jendearen esku dago.

Sen ona ez da dekretuz ezartzen, eta dekretu hau ez da salbuespena izango. Administrazioak ez dira fin ibili pedagogia egitean. Kongruentzia falta izan zaie, eta jendea heldu gisa tratatzea. Umekeria ugari ikusi eta entzun dira. Mundu honetan gauzei beren benetako garrantzia ematea garrantzitsua da, betiere beste errealitate batzuekin harremanetan jarrita. Bestela, eragozpen bat tragedia gisa bizi daiteke eta, aldi berean, guk bezainbesteko pribilegiorik ez dutenentzat hil ala bizikoak diren auziak gutxiets daitezke. Ez zen erraza, hori onartu beharra dago. Eta ez da izango, kontrakoa dirudien arren pandemia ez baita amaitu.

Neurriek higadura eta neke handia eragin duten arren, pertsona gehienek arduraz jokatu dute. Jendarteak, bat eginda, birusa geldiaraztea edo gutxienez kalteak gutxitzea lortu du. Jakina, ezagutza mailak markatu du ibilbidea. Esaterako, aerosolak kutsatzeko bide nagusia zirela jakin eta onartu zenetik jendeak bere jokabidea egokitu du. Zientzia oso garrantzitsua da jendarte osasuntsu gisa garatu ahal izateko. Maskarak horren ikur ere badira. Egunotan, erantzi ahal izango denez, jendeak ikusten duen lehen gauza irribarre bat izan dadila, eta ez imintzio bat. Gaur bakarrik bada ere, su-eten moduko bat balitz bezala. Zoritxarrez, agintariekin haserretzeko denbora eta arrazoiak ez dira faltako. Horietako zenbait baitira benetako traba.