GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
IñIGO SANTXO
ABOKATUA

«Euskal selekzioei oztopo berriak ezarri nahi dizkiote Espainiako Kirol Legearekin»

Euskal Herria Kirola Espainiako Kongresuan izan da, uneotan lantzen ari den Kirol Lege berriaren eskutik euskal selekzioei ezarri nahi dizkieten oztopo berrien harira. Eskuduntza zapalketa salatu du elkarteak eta euskal alderdiei egungo markoak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko eskatu die.


Kirol Lege egitasmoa ari da lantzen Espainiako Kongresua, Iñigo Santxo abokatuaren ustez kirol arloan eskumenik ez duen arren. Lanketa horren barruan gaia daraman batzordean izan berri da abokatu bizkaitarra EH Kirolaren izenean. Ofizialtasunerako bidean oztopo berriak ekar ditzake lantzen ari den legeak, NAIZ Irratian adierazi duenez. Legearen zuzenketak proposatu dizkie alderdiei eta nazioarteko aitortza lortzeko egungo lege egiturak ematen dituen aukerak baliatzeko deia egin die.

Kongresuan izan berri zara, ez da markorik egokiena euskal selekzioez hitz egitera joateko, ezta?

Ez nago ados, marko egokia da. Ez da plazarik goxoena, baina gustura aritu nintzen, abiatu nintzelako daukadan konbikzio batetik, eskubide osoa dugula gure kirolariak nazioartean aritu ahal izateko gure herriaren izenean. Hortik abiatuta uste dut plaza guztietan toreatu behar dela; aukera guztiak baliatu behar dira gure herriaren eskubideak defenditzeko.

Zergatik eragin du EH Kirolaren kezka Espainiako Kirol Lege berriaren egitasmoak?

EH Kirolak bi helburu ditu: batetik, Euskal Herriko egiturak sustatu nahi ditugu marko konpetitibo bat eskaintzeko bertako kirolari guztiei; bestetik, ofizialtasuna edo nazioarteko aitortza lortu nahi dugu gure federazioentzat, gure selekzioek horien bidez lehiatu ahal izateko. Abiapuntu horretatik egungo errealitatearen defentsa egin nuen, eskualdatutako eskumen batzuez ari baikara. Espainiako Konstituzioak arautzen du 148. artikuluan eta ondoren, 1979an Gernikako Estatutuan eta 1982an LORAFNAn eskuratzen dira eskuduntza horiek. Kirol eskuduntzak autonomia erkidegoen eskuetan daude.

Eskumen zapaltze bat dakar, beraz,lege egitasmo berriak?

Bai, eta oso agerikoa eta nabarmena da gainera. Uste dut bide horretatik lege egitasmo hau proposatu duenak oztopo bat gehiago jarri nahi duela gure federazioak nazioartean onartuak izan ez daitezen. Lege berria bere horretan onartzen bada, federazio batek eskatzen badu nazioarteko federazio batean onartua izatea, Espainiako ordezkariak joan daitezke esanez Espainiako Legeak dioela eskuduntza Estatuak duela, eta hori ez da onargarria. Esan nuen Kongresuan, gatazka instituzionala sortu nahi ez badute hobe dutela errespetuz jokatzea, tolerantziaz eta eskuduntza banaketa errespetatuz.

Zure hitzartzean argi eta garbi nabarmendu nahi izan zenuen kirol federazioek ez dutela Estatua ordezkatzen. Zergatik da garrantzitsua elementu hori?

Lege egitasmoan nazioarteko kirol lehiaketak egiteko eskakizun berriak gehitzen dira; besteak beste, Atzerri Gaietarako Ministerioaren oniritzia behar izatea. Demagun Irunen edo Durangon nazioarteko txapelketa bat antolatu nahi duzula, bada, baimena eskatu beharko zenioke Atzerri Gaietarako Ministerioari. Baina Ministerio horrek ez du eskumenik eta oso agerikoa da Karta Olinpikoan nola jasotzen den: seigarren atalean argi dio Jokoak atleten arteko lehia direla, ez herrialdeen artekoak. Hori guretzat aukera bat da; federazioak zuzenbide pribatuko entitateak dira eta, ondorioz, Estatuak ez du hor eskua sartzerik.

Euskal federazio batek nazioarteko federazio baten sartzea eskatzen baldin badu, Espainiako Gobernuak ez du ezer esaterik onarpena emango balitz, eta, hain zuzen ere, hori da beldurra ematen diena. Badakite praktikoki lege berriak ez duela zuzeneko eraginik, federazioak erakunde pribatuak diren neurrian iskin egin ahal baitiote Estatuari, baina, hala eta guztiz ere, oztopo bat gehiago jarri nahi dute.

Euskal selekzioen aitortzaren aldarria egin zenuen Espainiako Kongresuan eta PPko ordezkariak erantzun zizun halakorik ez dela izango. Jarraian, «zer egingo duzue ondoren?» galdetu zizun zuzenean. Zer erantzun zenion?

Ba segituko dugula eragile guztiekin hitz egiten. Badirudi beraien asmoa irabaztea dela, bada, gu rea konbentzitzea da. Uste dut argudio oso onak ditugula eta legeak berak ere babesa eman ahal digula. Bestetik, ikusten dugu Euskal Herrian badagoela aldekotasun oso argia euskal kirolariek eta guk herri bezala nazioartean aritzeko eskubidea dugula aitortzeko. Eurek konstituzionalistak direla diote, baina ez dakit 148. artikulua non galdu zaien, baina hor dago. Euskal Herrian ez genuen Konstituzioa onartu, baina egon hor dago, inposatua, ados, baina hor dago: eta gainerako artikuluak dauden moduan, 148. artikulua ere bai. Ez du balio nire alde dauden artikuluak baliatzea eta nire alde ez daudenak ez.

Euskal alderdien jarrera nolakoa da?

Kongresuko batzordean Galiziako, Euskal Herriko eta Kataluniako ordezkariak izan ziren eta txalotu egin zuten gure agerraldia. Behin agerraldia amaituta, batzordeko PSOEko ordezkaria etorri zitzaidan eta honakoa esan zidan: «pentsatzen aritu naiz eta uste dut arrazoia izan dezakezula». «Ados», esan nion, «baina hori Plenoan esan behar duzu eta ez zuk, zure alderdi osoak baizik». Ea ba emendakinok bultzatzen dituzten. Bertan ziren alderdiei planteatu nien guk aurkeztutako zuzenketak onartzeko eta autonomia erkidegoetako parlamentuetara ere eramateko. Batek galdetu zidan: «kirolariek zer egin behar dute?». Eta nik erantzun: «kirolariek asko entrenatu, teknika, taktika eta etengabe saiatu, hori da euren lana; zuek aldiz, diputatuek, eskumen hauek defenditu behar dituzue». Oso iraingarria da eskuduntzak dauden bezala egonda, ikustea euskal pilotaren kasuan, adibidez, jatorriz bertakoa den kirol batean ere euskal federazioak ateak itxita izatea.

Iruñeko eta Gasteizko parlamentuek ere izango dute zer esana...

1998ko ekainaren 11n, Lizarra-Garaziko akordioaren atarian onartu zen Kirol Legea EAJ, EA, Euskal Herritarrok eta Ezker Batuaren botoekin. Hor bazegoen artikulu bat ahalbidetu zezakeena nazioarteko federazioetan parte hartu ahal izatea. Aznarren Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen auzia eta Konstituzionalak ebazpen oso okerra eman zuen, legeak esaten ez duena argudio gisa baliatuz. Orduan aipatzen zena esplizituagoa izan behar dela uste dut; politikariek jarrera irmoa izan behar dute gure herriaren defentsan, jarrera ausarta eta anbiziosoa izan behar dute. Jokalariak zelaian daudenean animatu egiten ditugu eta gaizki egiten dutenean errieta egiten diegu. Eurak ere jabetu behar dira partida batean daudela eta oso garrantzitsua dela euren teknika eta taktika, eta politikagintzan ere golak lor daitezkeela.

Nola nabari duzu euskal selekzioen aldeko pultsua?

Ziur aski pultsua pixka bat galduta dugu aspaldi honetan. ESAIT desagertu zen eta kostatzen ari zaigu egoerari buelta ematea, baina planteamendu teorikoak eta juridikoak mantendu egiten dira. Hausnarketa egin beharko dugu, tresna berriak abiatu eta berriro bultza egin. Animatu egin behar dugu, gure kirolariak animatu behar ditugu, nabaritu dezatela eurekin gaudela. Askorentzat ez da bihotz kontua soilik, kirol ikuspegitik ere bideragarriagoa litzateke nazioarteko lehiaketetara euskal selekzioarekin joatea Espainiakoarekin edo Frantziakoarekin baino. Une honetan bistan da ez dugula pultsurik onena, baina gimnasiora joaten hasi beharko dugu eta gihar hori landu. Aberri Eguna ere gihar horiek lantzeko gimnasio egokia dela uste dut.