GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Meteorosentikorrak


Neke fisiko eta mentala oso ohikoa izaten da urte sasoi honetan, askotan neke horri azalpenik bilatzen ez badiogu ere. Kasu honetan, nahiz eta denok izan gaitezkeen sentikorrak, adineko pertsonen inguruan arituko gara, beraiek baitira aldaketa hauek nozitzeko arrisku gehien dutenak. Izan ere, haurrak ez dira arrisku talde, nahiz eta pentsa daitekeen izan daitezkeela.

Meteorosentikorra izatea eguraldi aldaketetan zure gorputzak aldaketak eta arazo fisikoak edo mentalak jasatea da. Esan bezala, adineko pertsonak sentikorragoak dira, batez ere beraien immunitate-sistema ahultzen hasia baitago.

Baina zer kasutan ematen dira aldaketa hauek? Presio aldaketa handiak izaten direnean ematen dira arazorik handienak. Izan ere, presio altu edo oso altuko gune batek –hau da, antizikloi bat gainean kokatzen denean– atmosferan dagoen aireari presio handia eragiten dio eta, noski, baita guri ere. Horrek, batez ere, presio arterialeko arazoak dituztenei edota migrainak dituztenei eragiten die. Tenperatura altuek erasokorrago egotea edota haserreago egotea ekar dezakete. Baita deshidratazioa edota nekea ere. Aldiz, presio baxuak eta tenperatura beherakadek, hezurretako arazoak eta arnas aparatuko arazoak ekar ditzakete.

Eguraldiak eragin zuzena du adineko pertsonen osasun mental eta fisikoan eta oso garrantzitsua da berauek zaintzea eguraldi aldaketa handietan.