GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Yannick Wetzell, «gogor jokatzeko» beldurrik gabe

Saski Baskoniaren «profesionaltasuna» goraipatu du Zeelanda Berriko pibotak.


Landry Nnokok Bitci Baskonia laga zuenetik pibot baten faltan zebilen talde gasteiztarra, baina halakoren batean azaldu da: Yannick Wetzell, 25 urte –26 beteko ditu uztailean– eta 2,08 metroko Zeelanda Berriko hegal-pibota. Atzo aurkeztu zuen bere burua, nahiz eta aurreko egunetan Saski Baskoniaren webgunean adierazpen batzuek egin. “10” zenbakiarekin jokatuko du Samoako hiritartasuna duen jokalariak –hargatik, Cotonouko Hitzarmenari atxikita, komunitario izango da– eta «gogor jokatzeko beldurrik gabe» datorrela iragarri zuen. «Ikaragarria izan da klub honetara etortzea. Erabaki zaila izan da, halaber, nire aurreko taldearekin denboraldia amaitu arteko lotura nuelako, baina erraztasun guztiak eman dizkidate hona etorri ahal izateko», adierazi zuen Wetzellek, hasteko.

Bere ezaugarriei dagokienez, «jokoa lohitzen denean ere gogor ekiteko» beldurrik ez duela azpimarratu zuen, pibot eta hegal-pibot postuen artean dantzan ibiltzen den jokalariak. «Saskibaloian egiaz bi postu baino ez daude: kantxa barruan edo kanpoan», bota zuen Wetzellek bere postuari buruz galdetuta. «Australian pibot legez aritu naiz batez ere –17,7 puntu eta 8,2 errebote lortu ditu batez beste–, baina entrenatzaileak zer eskatu, hura emateko ez daukat arazorik. Defentsako parte garrantzitsu izatea gustuko dut eta erasoan, berriz, blokeo eta jarraipenean fina naizela esango nuke, oin arinak dauzkadalako batik bat», laburbildu zuen bere jokamoldea.

Bistan da oraindik taldekide berriak ez dituela behar bezala ezagutzen, baina klubaren «profesionaltasunarekin» pozarren azaldu zen Baskoniako jokalari berria. «Buesa Arena ikusgarria da, baina batez ere klub hau oso profesionala dela ikusi dut, behar bezala koipeztaturiko makina bat balitz bezala», goraipatu zuen Wetzellek.

«Nire betebeharra entrenatzaileak eskatzen didan horretara egokitzea, gogor jokatzea eta ahalik eta partida gehien irabaztea da. Noraino iritsi naitekeen entrenatzaileak esandakoari ohitzen joaten naizen heinean eta neurketetan erakusten dudan horren arabera ikusi beharko», amaitu zuen bere aurkezpena jokalari berriak.

Zurbao «gotorleku» bihurtu

Ohikoa den moduan, Felix Fernandez Saski Baskoniako zuzendari orokorra izan zuen lagun Yannick Wetzellek bere aurkezpenean. «Bete-beteko jokalaria da, goitik beherakoa» dela azpimarratu zuen Fernandezek. Printzipioz pibot postuan jokatzeko letorke, baina «egungo saskibaloian postu espezifikoak desagertze bidean daude», ohartarazi zuen, bide batez.

Bost jardunaldi falta dira ACB Ligako Fase Erregularra amaitzeko. Horietatik hiru etxean jokatuko ditu Baskoniak: Manresa, Zaragoza eta Joventuten aurka. Zurbao «gotorleku» bihurtzea eskatu zuen Felix Fernandezek. «Erregulartasuna falta zaio taldeari, baina zertarako gai den badakigulako, gehiago eskatu behar zaio», azpimarratu zuen.

Pardo: «No cambio nada por los años en Araski»

«Hace dos meses no sabía que hoy –por ayer– estaría aquí –en Mendizorrotza–». La excapitana de Kutxabank Araski Laura Pardo, a sus 32 años, hacía oficial su adiós.

Al no poder compaginar como es debido la vida laboral y la deportiva, la gasteiztarra decidía retirarse, tras 20 años jugando en Gasteiz, Madrid, Bilbo y de nuevo en Gasteiz, donde ha vivido el ascenso a la élite de Araski.

«No cambio una hora de sueño por estos años, pero ojalá en el futuro las jugadoras puedan vivir realmente del basket al 100%», dijo a modo de despedida. A. G.