GARA
TEXAS

Melissa Lucioren exekuzioa geldiarazteko mobilizazioak deitu dituzte AEBetan

Texasko agintariei Melissa Lucioren exekuzioa bertan behera utzi dezaten exijitzeko protestak deitu dituzte AEBetako hamahiru hiritan Death Penalty Action, Free Melissa Lucio eta Families United eragileek gaurko. Ustekaberik ezean, Lucio asteazkenean exekutatuko dute.

Death Penalty Action, Free Melissa Lucio eta Families United eragileek ostegunean eskaini zuten online prentsaurrekoan iragarri zutenez, mobilizazioak egingo dituzte gaur eguerdian, Lucioren exekuzioa baino lau egun lehenago, AEBetako hamahiru hiritan. Mobilizazioen helburua Cameron Konderriko fiskalari, Luis Saenzi, eta Texasko gobernadorea den Greg Abbotti Lucioren exekuzioa geldiarazi dezatela eskatzea izango da.

Prentsaurrekoan, Lucioren seme nagusiak, John Luciok, hartu zuen hitza. Konektatu zen unean, John bere emazte Michelle-rekin zihoan autoan ama Mariah bere arreba txikia hiltzea egotzita giltzapetuta dagoen kartzelara bidean. Zortzi orduko bidaia egin beharra zuten espetxera iristeko, Melissa Mountain Viewko kartzelara lekualdatu baitute. Bere abokatu Sandra Babcockek azaldu zuenez, «Melissa zaintzapean jarri dute bere buruaz beste egin ez dezan».

Bizitzen ari diren kalbarioaren erakusle, John Luciok azken egunok senideentzat «oso-oso gogorrak» eta «emozionalak» izaten ari direla xuxurlatu zuen eta, jarraian, negarrez hasi zen, tentsioa jasan ezinik. Lasaitutakoan, kartzelako azkenengo bisitak nolakoak izan ziren azaldu zuen: «Ez dira betiko modukoak, askoz gogorragoak baizik. Bere aurrean ezin dugu minik edo beldurrik erakutsi. Egoera honek guztiz urratu nau eta ezin diot gehiago eutsi».

Fiskala, giltzapean

Death Penalty Action elkarteko Charles Keithek salatu zuen Melissaren aurkako kasua eraman zuen fiskala, Armando Villalobos, egun 13 urteko kartzela zigorra betetzen ari dela eroskeria eta estortsio delituengatik. Keithen aburuz, auziak eta Villalobosek ez dute «inongo sinesgarritasunik» eta fiskalak «bere ibilbide profesionalean ukitu dituen kasu guztiak berrikusi» beharko lirateke. Gainera, mezu bat zuzendu zion konderriko fiskal berriari, Luis Saenzi: «Egunak gelditzen zaizkizu oraindik eta boterea duzu. Melissaren alde altxa zaitezke, zeinari mundu osoak babesa erakutsi dion, edo Villalobosen alde».

Bestalde, Keithek epaiketan izandako Melissaren aurkako «proba fisikoen absentzia» nabarmendu zuen. Horren adibide, Keithek adierazi zuen Mariah alabari autopsia egin zion medikuak ez zuela epaiketan parte hartu. Beraien amak tratu txarrak eman zizkiela erabat ukatzen duten Melissaren gainerako seme-alabei, berriz, testifikatzea galarazi zieten. Zigorrak aitorpen faltsu bat du oinarri, abokaturik gabeko eta bost orduko galdeketa baten ostean egin baitzen Lucio bere alaba txikiaren heriotzaren erantzule.

Hamahiru hiri

Luciori injekzio hilgarria ez jartzea eskatzeko, mobilizazioak egingo dituzte gaur AEBetako Washington, Minneapolis, Greensboro, Los Angeles, Louisville, New York, Brownsville, Austin, Dallas, San Antonio, El Paso, Asheville eta Atlanta hirietan.