GARA Euskal Herriko egunkaria
ULTRA TRAIL

Aritz Egea, Penyagolosan bigarren, Estatuko txapelduna da


Atzo Castellon jokatu zen Penyagolosako lasterketan protagonismo euskalduna izan genuen. Aritz Egeak bigarren amaitu zuen, Kevin Vermeulen irabazle frantziarrarengandik (5 ordu, 20 minutu eta 15 segundo) 24 segundora helmugaratuz. Gauzak hala, Espainiako txapeldun bilakatu da kirolari gipuzkoarra.

Lasterketako azken txanpa emozioz beterikoa izan zen. Kevin Vermeulenek eta Egeak elkarrekin egin zituzten azken hiru kilometroak eta euren artean erabaki zen lasterketa. Elurbusti fin bat ari zuela, frantziarrak Urretxuko korrikalaria atzean utzi eta 24 segundoko aldearekin ospatu zuen garaipena. Aritz Egeak, aldiz, beste zerbait zuen ospatzeko: Estatuko txapeldun berria da.

«Azken igoeran Vermeulen atzean uzten saiatu naiz, baina ez dut behar nuen distantzia lortu eta bera ondoren indartsuago ibili da. Baina lasterketa perfektua izan da, oso pozik nago. Orain alergia sufritu beharko dut maiatzean, baina gero gerokoak», azpimarratu zuen Aritz Egeak.