Surflari ernegatua

Non da Gabriel?

Aurtengo WSL zirkuitua pil-pilean da: jada CT itzuliko lau txapelketa egin dira eta lehen kaleraketak burutu dira. Hala ere, duela gutxi arte surf munduan ospe handien zuen surflarietako bat falta da eta inork ez du haren berri. Non da Gabriel Medina?

Urtarrilean hasi zen CT itzulia Pipelineko urautsi beldurgarrian eta ikusleak John John Florence, Italo Ferreira, Gabriel Medina eta antzeko surflariak itzelezko tuboak egiten ikusteko irrikitan ziren, baina txapelketa hasi baino egun batzuk lehenago Medinak idatzi bat argitaratu zuen ez zela Pipelinera joango jakinarazteko. «Gaizki nago», nabarmendu zuen hiru bider munduko txapeldun izandakoak.

Aldakan izan zuen lesio txiki batetik errekuperatzeko aldendu zen txapelketetatik, baina geroago argitaratu zuen idatzi batean aitortu zuenez, arazo psikologiak ditu eta horiek konpontzeko aurtengo denboraldian txapelketetatik urruntzeko erabakia hartu zuen.

Horrela hasi zen WSL denboraldia, lehiakide faboritoetako bat gabe. Hasieran ikusleek bere berri izan nahi zuten, baina ez zuen asko iraun jakingurak. Zirkuituak aurrera egin zuen, Medina gabe, eta jada lau txapelketa egin dira. Txapelketetako esatariek ez dute bere izena aipatu ere egiten, inork ez du ezer esan nahi eta aste gutxitan faboritoetako bat zena surf mundutik desagertu da.

Medinak arazo psikologikoak zituela adierazi zuen urtarrilean eta aurtengo denboraldian ez zela lehiatuko gaineratu zuen. Kirol aldizkarietan Simone Biles gimnasta estatubatuarraren kasuarekin alderatu zuten, baina surfari lotutako hedabideetan ez zen deus argitaratu eta geroztik isiltasuna da nagusi.

Internet sarean begiratu dut. Medina surf mundutik erabat desagertu da, ez dago hari buruzko albisterik azken hilabeteetan; aldiz, Brasilgo prentsa arrosan sekulako presentzia hartu du. Antza, Yasmin Brunet modelo brasildarrarekin zuen harremana hautsi ostean etorri zen surflari profesionalaren desoreka eta ordutik Instagram bidez elkarri purrustadaka ari dira maitale ohiak. Ez omen diote elkarri hitz egiten, baina publikoki mezuak argitaratzen dituzte pertsonaia famatuen biziak gertutik jarraitzen dituzten kazetarien gozamenerako. Elkarri geziak botatzen dizkiote, zuzen-zuzenean bihotzera, min egiteko, eta ikusleek gezi bakoitzaren zauriekin gozatzen dute. Amodioak mundua mugitzen duela esan ohi da, baina egiaz gorrotoak mugitzen du mundua. Eta orain, honaino iritsi den borondate oneko irakurleak ziur aski hauxe pentsatuko du: «Gauza bera dira». Tira, metafisika... No comment!