Dabid LAZKANOITURBURU
P

Golob, Macron esloveniarra?

Robert Golob enpresari eta politikari liberal-ekologistak, duela hilabete gutxira arte ia ezezaguna zenak, aise irabazi ditu Esloveniako hauteskundeak, Janez Jansa lehen ministro ultraeskuindarrari gailenduz.

1967ko urtarrilaren 23an jaio zen Robert Golob; ingeniaritza elektrikoko ikasketak burutu zituen Ljubljana hiriburuko unibertsitatean 1994an, eta AEBek eskaini zioten beka bati esker Atlantako Unibertsitatean egin zuen ikasketen doktoretza.

1999-2000 urte bitartean Ekonomia Ministerioan Energia estatu idazkaria izan zen, baina goi politikan saiakera motz hori utzi eta 2002an bere enpresa sortu zuen, GEN-I argindar-hornitzailea. 16 urte luzez Esloveniako argindar-hornitzailerik handiena zuzendu ondoren, Estatuak bere egin zuen GEN-I enpresa eta Golobek kargua galdu zuen.

Bitartean, bigarren lerroan bazen ere, politikan jarraitu zuen eta Zoran Jankovic Ljubljanako alkatearen Eslovenia Positiboa zentro-ezkerreko alderdiko kide izan zen. Alderdiak zatiketa bat izan zuen eta Golob Alenka Bratusek, 2013tik 2014ra bitartean lehen ministro izango zenak, sortu zuen ZaAB alderdira pasatu zen eta presidenteorde izendatu zuten.

2022an bere bideari ekitea erabaki zuen eta Parlamentuan ordezkaritzarik ez zuen Z.Dej alderdia bere gain hartu eta izena aldatu zion, Askatasun Mugimendua (Gibanje Svoboda) izendatuta; alegia, igandeko hauteskundeak aise irabazi dituena (bozen %34 eta 40 eserleku).

Mendebaldera begira

Golobek politika ekologistak eta liberalak martxan jarriko dituela agindu du eta Europar Batasunarekin harremanak konponduko dituela iragarri du.

Izan ere, EBtik aldentzea eta Mendebaldeko Europako balioak, eskubide estatua tartean, baztertzea leporatu dio Jansari boterean egon den bi urteetan.

Demokrazia versus autoritarismoa eta hondamendi ekologikoa versus garapen jasangarriaren bidegurutze honetan, trantsizio berdea, ekonomia zirkularra eta digitalizazioa defendatzen ditu Golobek, 1997tik Ljubljanako Elektroteknika Fakultateko irakasleak eta eguzki-energian adituak.

Ile luze zuria eta hiru seme-alaba dituen politikariak Alpeen magalean dagoen bi milioi biztanleko herrialdea goitik behera zeharkatu du bere kanpaina-autobusean, nerabea balitz bezala.

Hala ere, eta Jansarekin alderatuta, bere zuhurtasuna txalotu dute hautesleek. Twitterreko konturik ez du eta Facebook edo Instagram nahiago ditu.

Bere soldata dela-eta –urtean 196.000 euro; hots, Esloveniako batez besteko soldata minimoa hamar aldiz– kritikak jaso ditu, baina ez diote, antza, kalterik egin hauteskundeetan.

Hasieran askok neoliberalismoaren hautagaia zela uste zuten arren, bere diskurtsoa moldatzen jakin du Golobek; batez ere, osasun eta hezkuntza arloetan. Bide batez, hizlari gisa, erraz gailendu zaio Viktor Orban hungariar lehen ministroa aitzindari duen Jansari.

«Hautatzen baldin banaute, demokraziarentzat pauso txiki bat izango da, baina Esloveniarentzat aurrerapauso handia izango da», agindu zuen.

Alderdi sozialdemokrataren eta ezkerraren babesarekin gobernua osatu ahal izango du Golobek.