GARA Euskal Herriko egunkaria

Skakeitanek agur esango dio hamalau urteko ibilbideari

Skakeitan taldeak azken bira batekin esango die agur eszenatokiei. Atzo, «112» lana kaleratzearekin batera, eman zuten agurraren berri. «Skakeitan badoa, bagoaz, baina urte hauetan zehar bizitako guztia elkarrekin ospatzeko beharra dugu. Oihu eta dantza», esan zuten.


«Bai, agur esatera gatoz». Horrela iragarri zuen, atzo, Skakeitan taldeak bere ibilbidea amaitzear dagoela. Agur, bai, «baina baikor eta irribarretsu, jada adostu baikenuen zer idatzi gure epilogoan, oraindik erraietatik ateratzen zaiguna eta bide honi amaiera emateko era onena: «Asko maite gera», adierazi zuten sare sozialen bidez zabaldutako mezuan.

Hamalau urte egin ditu talde gipuzkoarrak oholtza gainetan. Bide horretan, zazpi disko kaleratu dituzte eta han-hemengo eszenatokiak zapaldu, Euskal Herriko txoko guztietatik hasi eta Tokioraino iritsita. «Maitasun istorio bat izan dela argi dago, gure bizitzetan aztarna berezia utziko duena», nabarmendu zuten. «Izan ere, ilusioa eta laguntasuna izan dira, musikarekiko loturarekin batera, proiektu honen ardatz nagusiak. Eta hala moldatu gara, denboraren hariak bera ulertzeko eman digun mapan marrazki bat eginez, gure marrazkia», gehitu zuten adeitasunez.

«Nola esan agur?» galderari erantzun nahi izan zioten, «bizitzaren ironietako bat». Agurra sareetan entzun eta ikus daitekeen “112” lanarekin lagundu zuten. Eta dei bat egin zioten jendeari: «Emaguzue dena. Guk berdina egingo dugu, zuentzat gure azkena. Skakeitan badoa, bagoaz, baina urte hauetan zehar bizitako guztia elkarrekin ospatzeko beharra dugu. Oihu eta dantza. Topo erdibidean».

Ospakizun horiek laster iragarriko dituzte, azken biraren datak jakitera ematearekin batera.