Jon ORMAZABAL
PILOTA

Joseba Ezkurdiaren azkenetariko erronka

Azken bi urteotan, denera hiru aldiz, Altunak geratu du arbizuarraren ibilbidea Buruz Buruko Txapelketan.

Aurreko asteburuan eramandako jipoi fisiko eta mentaletik oraindik osatzeke –garaipena eskuratuta lan horiek beti dira errazagoak–, Buruz Buruko Txapelketan jarraitzen duten pilotariek dagoeneko hurrengo jardunaldian dute burua. Bada, jokatuko diren partiden artean, Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak elkarren artean jokatu beharrekoak aparteko ikusmina sortu du, biak baitira txapela janzteko faborito garbiak, are gehiago ligaxkako lehen puntua zakuratu eta gero. Aspeko bi aurrelari nagusienek enpresaren pilotalekuan jokatuko dute elkarren aurka eta, puntuaz harago, partidak baditu pizgarri bereziak, bereziki arbizuarrarentzat.

Izan ere, binaka eta lau eta erdian bina txapel jantzita, Buruz Buruko Txapelketa da irabazteko geratzen zaion bakarra eta, finalerako bide horretan, Altuna izan du azken urteotan gainditu ezineko arerioa. 2018an finalerdietan, Bilbon, 22-17 gailendu zitzaion amezketarra, 2020an final laurdenetan 22-18 Eibarren bertan, eta, iaz, berriz ere final laurdenetan 15-22 Donostian.

Ezin ukatu, beraz, txapelduna gainditzea Ezkurdiak buruan oso sartua duen zerbait izatea, nahiz eta oraingoan partida ez izan hil edo bizikoa. «Azkenean Jokin pilotari handia da eta beti da zaila berari irabaztea, baina beti dut horretarako gogoa. Beti partida gogorrak jokatu ditugu elkarren aurka, baina azkenean bera gailendu zait. Espero bera gainditzeko eguna gero eta gertuago egotea. Ea igandean den», azaldu zuen arbizuarrak atzoko material aukeraketan.

Oparirik ez

Irabazten diren partidetatik baino, galtzen direnetatik ikasten omen da gehien eta aurrelari nafarrak atera ditu bere ikasgaiak aurrekari horietatik. «Jokinen aurkakoak partida exijenteak izaten dira beti, erritmo handikoak. Baina kontua da Jokinek oso pilota gutxi oparitzen dituela eta ia perfekziora heltzera behartzen zaituela. Sentsazioa daukat batzuetan opari gehitxo egin ditudala, baina helburua azkenera arte borrokatzea da. Irabazi nahi badut, sakean hobetu beharra daukat eta, hortik hasita, erritmoa ni jartzen saiatu», azaldu du.

Garrantzia kendu nahi izan zion arren, zuzenean ez bada ere, Jokin Altunak onartu zuen igandeko partida eskuetatik justu xamar amaitu zuela. Igandera begira, hori bai, ondo egotea espero du, azkar errekuperatzen ohituta dagoelako.

Aurkariari neurria hartua ote dion galdetua, txapeldunak argi dauka ez dela horrela. «Lau eta erdiko bi finalak bere aurka galdu nituenean antzeko zerbait esaten zen nitaz eta hori ez da horrela. Elkarren aurka partida oso orekatuak eta gogorrak jokatu ditugu buruz buru, detaileengatik erabaki direnak. Era guztietako esperientziak izan ditugu eta pilotari ikaragarria da Joseba. Bere aurka asko ikasi izan dut», azaldu zuen finalerdietarako txartel erdia eman diezaiokeen lehiaren aurretik.