Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA

0-3 Plataformak astelehenean hasiko den greba mantentzea erabaki du

0-3 Plataforma Iruñeko Parlamentuaren atarian bildu zen atzo arratsaldean, bertan eztabaidatu zen mozioaren harira, zeinetan hezkuntza ziklo hori «duintzea» eskatzen zitzaion nafar Gobernuari. Astelehenean greba abiatuko dute haur eskoletako langileek.

Nafarroako Parlamentuari 0-3 Plataformaren aldarrikapenak babestu eta 0-3 zikloa «hezkuntza ziklo gisa duintzearen aldeko apustua» egiteko eskatzeko mozioa aurkeztu zuten atzo arratsaldean EH Bilduk, Geroa Baik eta Izquierda-Ezkerrak. Parlamentuaren aurrean dituzten aldarrikapenak ezagutarazi zituzten haur eskoletako langileek. «Alde batetik, udalentzako finantzaketa nahikoa, 0-3 urteko doako zikloari eusteko. Auzia lantzeko mahaiaren sorreran langileak eragile aktiboa izatea ere eskatzen dugu, parte hartzeko eta gure aldarrikapenak planteatzeko», azpimarratu zuten.

Sarrigurengo kasua

«Ez dakigu gaia landuko duen erakundea zenbatean behin bilduko den, zer helburu dituen, zer lan plan eta zer epe», nabarmendu zuten langileek. Greba deialdiari eutsi arren, negoziatzeko borondatea agertu zuten. «Beti defendatu dugu 0-3 zikloa landu egin behar dela, hitz egitera eseri».

Atzoko agerraldian langileek nabarmendu zutenez, astelehenean Sarrigurengo haur eskolara gerturatuko dira, bertako kideei babesa ematera. «Gertatzen ari dena basakeria hutsa da. Ezer gertatzen ez bada zorionez izango da, astelehenean haurrek edozer gertatzeko arriskua baitute». Izan ere, %50eko zerbitzu minimoak ezarri dituzte bertan. Hainbat gurasok, langileekin bat eginez, jada jakinarazi diete astelehenean ez dituztela haurrak eskolara eramango.