Andoni ARBAOLAZA
YOSEMITE

21 urterekin, Soline Kentzelek Kapitaineko «Golden Gate» igo du

Joan den apirilaren 17an, eskalatzaile frantziarrak 1.000 metroko eta 8a zailtasuneko bide hori sinatu zuen. Horretarako, bederatzieguneko lan eskerga egin behar izan zuen. Lorpen horri esker, Kapitaineko marra bat era askean igo duen bigarren neska gazteena da.

Soline Kentzel ez da munduko eskalatzaile sasoikoena, baina joan den apirilean Kapitaineko “Golden Gate” bidean (8a, 1.000 m) egin zuen jarduerak azpimarra berezia behar du. 21 urte soilik ditu, eta duela sei eskalatzen hasi zen. Kirol eskaladan, adibidez, 8b+ maila lortu du, baina, Yosemitera bidaiatu aurretik, eskalada tradizionalean ez zuen batere eskarmenturik. Hortaz, eskalatzaile frantziar horrek “Golden Gate”-n egin duena berezia da oso.

Berezia da Kentzelek bidaiatzeko aukeratutako modua ere. Sebastien Berthe belgikarrarekin irten zen Europatik. Kutsadurarik ez sortzeko, hegazkina hartu ordez, iragan neguan belaontzi batekin Atlantikoa zeharkatu zuten. Berthek asmo handi bat zuen: “Dawn Wall” era librean eskalatzea. Baina ez da gai izan hormatzarretako munduko bide gogorrenaren luze guztiak librean igotzeko.

Frantziarrak, berriz, beste xede batzuk zituen. Lehenik eta behin, eskalada tradizionalean (besteak beste, offwidth-ekin zein artesiekin) trebatzea. Hori ezinbestekoa zen; izan ere, eskuartean zuen proiektuak asko eskatzen du. Eta kosta bazaio ere, helburu hori biribildu du. Horretarako, bederatzi eguneko lan eskerga egin behar izan zuen.

41 luze dituen bide horretan erabilitako estiloari buruz, protagonista honek aurreratu du errazenak bere sokakide Bertheren eta beraren artean banatu zituztela. Zailenetan, berriz, den-denetan sokaburu jardun zen. Adibidez, “beldur” handia ematen duten artesi zabaletan edo offwidth-etan.

Jarduera handi hori bukatu bezain laster, Kentzelen sokakideak hau onartu zuen: «Solinek erakutsitako dedikazio maila, ardura, konpromisoa eta pertseberantzia oso handiak izan dira. Eskalada tradizionala ezagutu eta segituan estilo horrek eskatzen duen guztia menderatu zuen. Horrek guztiak asko inspiratu nau. Gainera, hormatzarretan ez zuen eskarmenturik, eta den-dena bikain kudeatu du».

Belgikarrak hori guztia esaten badu, bada guk geuk ezer gutxi dugu gehitzeko. Soilik gogorarazi behar dugu Kapitaineko marra bat era askean igo duen bigarren neska gazteena dela. Lehendabizikoa Beth Rodden izan zen; 20 urterekin; “Luking Fear” (8a+, 600 m) igo zuen.

Bederatzi egun

“Golden Gate”-n egin duen eskaladaren inguruan, Kentzelek esan du lehen egunean hamabi luze gainditu zituztela: «Ez nintzen batere fin hasi. Luze gogorrenetan eroriko bat baino gehiago izan nuen. Une batzuetan pentsatu nuen bide hori niretzat ezinezkoa zela. 6c mailako luze batean erori nintzen! Baina bigarren egunetik aurrera, egoera aldatu zen. Gozatu ederra hartu nuen ‘Hollow flake’ izena duen 20 metroko dulferra eskalatzen. Ondoren, ‘Monster offwidth’ izenekoa menderatu nuen. Eguna bukatzeko, bidearen giltza den ‘Down climb’ luzea sinatu nuen, baina ekinaldi asko eskatu zizkidan».

Hirugarren egunean ekaitz bortitz batek harrapatu zituen, eta ordu luzeak egin zituzten hamakan sartuta. Barealdia iritsi zenean, eskaladarekin jarraitu eta bidearen beste giltza batera heldu ziren: «Erritmo onean gindoazen, eta ‘Move’ izeneko luzeari (8a) ekin nion. Beste giltza gogor bat da. Saio batzuk gauez egin eta atseden hartu genuen. Biharamunean, luze horretan sartu eta nire metodoarekin erorikorik gabe bilerara iritsi nintzen».

Eskalatzaile frantziarrari gutxi falta zitzaion “Golden Gate” amaitzeko, eta, ia arazorik gabe, “Golden desert” luzea aise gainditu zuen. Bederatzigarren eta azken eskalada egunean, Kentzel, ia mila metroko bide hori amaitu, eta Kapitaineko tontorrean zen: «Azken luzeak, ederrak guztiak, bukatu eta gero, honakoa esan nion Sebi: ‘Bide hau igo duen eskalatzaile tradizional txarrena (edo txarrenetarikoa) izan naiz».