Andoni ARABAOLAZA
EGITASMOA

Joxe Takolo beka Jannu mendiaren ekialdeko tontorrera abiatuko da

Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatutako egitasmo honen aurtengo irabazleek igo gabe dagoen gailur bat dute helburu. Mikel Zabalza, Mikel Inoriza, Ekaitz Maiz eta Iker Madoz dira protagonistak. Era alpinoan saiatuko dira.

Joxe Takolo bekaren aurtengo ekitaldiko proiektu irabazlearen aurkezpenean argi utzi zen “hasierako izaerara” itzuli direla. Eta aurtengo irabazleen xedea ezagututa, inork ezin du zalantzan jarri aipatutakoa. Iazkoa, adibidez, lur azpian ibili zen. Felix Ugarte Espeleologia Elkartea eta “Izarraizko lurpeko altxorraren bila” izeneko bere xedea gailendu ziren. Lekukoa hartuko dutenen egitasmoak, berriz, goi mailako alpinismoarekin lotura zuzena du. Hain zuzen ere, Joxe Takolo bekak igo gabe dagoen zazpimilako bat igo nahi duen espedizio bati 3.000 euroko dirulaguntza eman dio.

“Izenburuak” indar handia du: Jannu mendiaren ekialdeko tontorra (7.486 m). Ekinaldia egingo dutenen izenak ere, indar handikoak dira: Mikel Zabalza, Mikel Inoriza, Ekaitz Maiz eta Iker Madoz. Bada, laukote hori euskal alpinistentzat oso ezaguna eta maitatua den Jannura abiatuko da heldu den urrian. Gogora dezagun, Jannu mendiaren gailur nagusia (7.710 m) euskal espedizio batek zapaldu zuela 1.981. urtean. Ekialdeko tontorra, berriz, ukitu gabe dago.

Proiektu irabazlearen aurkezpen ekitaldian Joxe Takolo bekaren antolatzaileak izan ziren; hots, Azpeitiko Udaleko zein Euskal Mendizale Federazioko eledunak. Haiekin batera, Takolo zenaren anaia Jabier Urbieta eta bekaren taldeko Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak. Eta, jakina, proiektua aurkezten espedizioko bi kide izan ziren: Maiz eta Zabalza.

Takolo mendizale azpeitiarraren “izena, izana eta ibilia” oroitzen duen beka horren aurtengo deialdira bi proiektu aurkeztu dira. Bi bakarrik, baina Egoitz Urruti udaleko ordezkariak baieztatu zuenez, biak ala biak goi mailakoak dira: «Izugarrizko poza hartu genuen ze bi proiektu ziren ikusi genuenean. Hala eta guztiz ere, gehitu behar dut komisioa osatzen dugunontzat lan gogorra izan dela bat aukeratzea. Izan ere, bi xede horiek kalitate, maila eta originaltasun handikoak dira. Eta pozarren gaude ere aurtengo bekak hasierako espiritura eraman gaituelako».

EMFko kide Koldo Sansinenea ere ez zen atzean geratu eta ekimena goraipatzeko beta izan zuen: «Inolako zalantzarik gabe, sendotuta dagoen beka baten aurrean gaude; aurkezten diren proiektuek gero eta kalitate handiagoa dute. Horregatik guztiagatik, federazioak Joxe Takolo beka babesten jarraituko du».

«Helburu handia»

Hitz horiek erabili zituen proiektu irabazlea otu zitzaionak. Hots, Zabalzak. Arestian aipatu dugu espedizio hori saiatuko dela Jannu mendiaren ekialdeko gailurra lehen aldiz igotzen. Zabalzak ondo ezagutzen du Joxe Takolo bekaren helburua. Ezagutu soilik ez; duela lau urte, Alberto Fernandezekin aurkeztutako proiektuak, Drangna espedizioak, irabazi zuen.

Jannukoari dagokionez, honako xehetasunak eman zituen Zabalzak: «Hilabete eta erdiko espedizioa aurreikusten dugu. Alpinistitoki oso erronka handia da; horri azpimarra jarri nahi nioke. Niretzat alpinismoak bere baitan jasotzen dituen osagai guztiak ditu: originala, mendi garaia, zaila, ezezaguna, igo gabea... Benetako abentura da, eta gogo izugarria dugu espedizioa hasteko. Bide batez, esan behar dut guretzat bultzada handia dela beka hau; indar handia eman digu».

Maizek, berriz, aipatu zuen tontor hori igotzeko ekialdeko aurpegia aukeratu dutela: «Izua sortzen duen horma da. Jakina, gauza asko gure alde beharko ditugu, arrakasta lortu nahi badugu. Furlan eta Pockar esloveniarrek bi ekinaldi egin dituzte Jannuko ekialdeko gailurra igotzeko, baina ez zuten helburua lortu. Tontor ederra da eta oraindik igo gabe dago; horrek guztiak asko motibatzen gaitu eta erronka berezia bihurtzen du».